Irache Nafarroako Kontsumitzaileen Elkarteak uholdeek kaltetutakoei gomendatzen die lehenbailehen parte ematea Aseguruen Konpentsazio Partzuergoan, kalteak gertatu eta zazpi egun igaro baino lehen. Zalantzarik izanez gero, jarri harremanetan lehenbailehen aseguru-etxearekin.
Etxea edo ondasunen bat kaltetua suertatu baldin bada, hauek dira segitu beharreko urratsak:
- Bilatu auto- edo etxe-aseguruaren poliza. Azken kasu horretan, begiratu baldintza orokorrak eta baldintza partikularrak, jasandako kalteak aseguruak beregain hartzen dituen edo ez jakiteko.
- Gure polizak, ohiko moduan, aparteko arriskuak (uholdeak, besteak beste) alde batera uzten baditu, jasandako kalteen berri Aseguruen Konpentsazio Partzuergoari eman beharko zaio. Partzuergoa arduratuko da kalte-ordain horiez, kalteak gertatu eta zazpi eguneko epean. Partzuergoaren kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izateko, aseguruaren ordainketak eguneratuak izan behar dira. Aseguru-etxeari ordaintzen zaion primaren zati batekin finantzatzen da erakunde hori. Zalantzarik izanez gero, jarri harremanetan aseguru-etxearekin. Parte emateko Partzuergoaren Eskualdeko Ordezkaritzara jo behar da –Yanguas y Miranda kalea 1, Iruñea–, edo erakunde horren web orriaren bidez ere egin daiteke www.consorseguros.es
- Saiatu hondatutako ondasunen hondarrak kontserbatzen eta, ezinezkoa bada, atera haien lekukotzak ematen dituzten argazkiak, perituak balora ditzan. Hala ere, kaltetutako objektu edo higiezinak konpondu edo garbitzeko premiarik bada, argazkiez gain, garrantzitsua da egindako lanen fakturak gordetzea. Bestela, aseguru-etxeak ezbeharrari uko egiten diola ikusiko dugu, edo, bestela, benetan eragindako kaltea baino txikiagoa den kalte-ordaina emanen digu.
- Eskainitako kalte-ordainarekin desadostasunik izanez gero, aseguratuak peritu bat izendatzeko aukera du, peritu kontrajarria eginez, eta izendatutako perituek akordiorik lortzen ez badute, Epaitegiak hirugarren peritu bat izendatuko du, eta une horretan gehiengoz ebatziko da.
Perituarekin ados ez bazaude, erreklamazioa tramitatzeko zailtasunak izanez gero edo horri buruzko zalantzaren bat, kontsumitzaileen elkarte batera joatea gomendagarria da. Han, kalte-ordaina eskuratzeko egin beharreko urrats guztien berri emanen dizkiote kaltetuari.