Porc d'Or sariketan bi sari lortu dituzte eskualdeko abeltzainek

Ttipi-Ttapa 2019ko abe. 13a, 15:00
Aurtengo sariketan saritutakoak.

Elizondoko Asier Omart Iparreak eta Etxalarko Mikel Irigoien Irazokik zilarrezko bi sari eskuratu dituzte. Biek 200 zerri bitarteko ustiategiak biltzen dituen lehenbiziko kategorian irabazi dute saria, lehenbizikoak Erditze-Tasa aintzat hartuz eta bigarrenak bizitza-luzera kontuan hartuz.

Joan den azaroaren 29an Huescan (Espainia) banatu zituzten aurtengo Porc d'Or sariketako sariak. Zerri-aziendekin lan egiten duten mila profesional bildu ziren, tartean INTIA Nafarroako enpresa publikoaren barne dauden hainbat abeltzain. INTIAren barne dauden 11 ustiategik parte hartu zuten eta horien artean bik lortu zuten saria: Asier Omart Iparrea elizondoarrak eta Mikel Irigoien Irazoki etxalartarrak.

Ustiategien produktibitatea eta errendimenduan oinarrituz ematen dituzte sariak, kategoriaren arabera banatuta. 200 zerri arte dituzten ustiategiak lehenbiziko kategorian sartzen dira; 500 zerri bitarte dituztenak bigarren kategorian; mila bitarte dituztenak hirugarren kategorian; 2.000 zerri arte dituztenak laugarren kategorian eta 2.000 zerri baino gehiago dituztenak bosgarren kategorian. Omart eta Irigoien lehenbiziko kategorian sartu dira. Elizondoarrak Erditze Tasaren araberako saria eskuratu du eta etxalartarrak bizitza-luzerari dagokiona.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun