Euskararen esperientziatik abiatuta munduko hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuak bultzatzen diharduen Garabide Elkartearen eskutik, Wayé dokumentala ikusteko aukera izanen da ortzegun honetan, abenduak 12, Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean eta ortziralean, abenduak 13, Berako Beralandetan. Proiekzioarekin batera solasaldia antolatu du Garabide Elkarteak Udalaren eta Baztandarren Biltzarra elkartearen laguntzarekin.
2018-2019 ikasturtean Irati Briñas Gastón, Egoitz Díaz Ibargoitia eta Andoni Marquinez Otaegi ikasleek egindako dokumentala da Wayé eta maia aktibistak protagonista ditu. Mexikoko Yukatango maia edo Maayat'aan hizkuntzaren alde lan egiten duten ekintzaileak hizkuntzaren egoeraz solasean ageri dira ikus-entzunezkoan, lanez eta ametsez, lehendabiziko aldiz maayat¥aan hutsean eta euskaraz azpititulatuta.
Estreinaldia Miarritzen egin zen urrian eta orain eskualdean eginen du geldialdia, Elizondon ortzegunean eta Beran ortziralean. Proiekzioarekin batera solasaldi bana eginen dute.