Urrezko Aizkolari Kopako hitzordu bikoitza izanen da Agurainen eta Mendaron

Ttipi-Ttapa 2019ko abe. 5a, 14:00
Maika Ariztegi ingude altxatzen ariko da larunbat arratsaldean Mendaron.

Gabonetako harrijasotze eta emakumezkoen ingude txapelketetako lehiak ere ikusgai izanen dira

Urrezko Aizkolari Kopako, Gabonetako harrijasotze txapelketako eta Gabonetako emakumezkoen ingude txapelketako bi jardunaldi jokatuko dituzte abenduaren 6an, ortzirale eguerdiko 12:00etan Agurainen (Araba) eta abenduaren 7an, larunbatean 18:00etan Mendaron (Gipuzkoa). Bietan eskualdeko kirolariak izanen dira.

Ortzirale eguerdian Agurainen, aizkolari lehian, Jon Rekondo leitzarra eta Mutrikuko Ugaitz Mugertza II.a izanen dira aurrez aurre. Abenduaren 14an Otxandion jokatuko den finalerdirako txartela izanen dute jokoan, hamar kanaerdikotara. Harrijasotze txapelketan Jon Gisasola Zelai V.a mallabitarra eta Beñat Telleria lasartearra ariko dira nor baino nor gehiago, ehuna kiloko zilindro zaharrarekin, kubikoarekin eta borobilarekin. Ingudean, Estibaliz Cidad arabarra eta Karmele Gisasola Zelai III.a bizkaitarra ariko dira 10 kiloko ingudearekin, minutu eta erdiko lanean.

Larunbat arratsaldean Mendaron, aizkolarien lehen finalerdia jokatuko dute Azkoitiko Julen Alberdi Txikia IV.ak eta Beizamako Eneko Otañok. 12 kanaerdiko lana izanen dute eta Urtezahar eguneko finalerako txartela jokoan. Harrijasotzen, Elgetako Imanol Albizu Goikoetxe eta Zarauzko Mikel Lopetegi Urra ariko dira. Ingude altxatzen, berriz, Getxoko Nerea Egurrola eta Iturengo Maika Ariztegi ariko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun