Rikardo Arregi Sarietako Komunikazio Saria eskuratu du Ttap aldizkariak

Ttipi-Ttapa 2019ko abe. 4a, 20:00
Rikardo Arregi Komunikazio Saria jaso duen Ttap aldizkariko lantaldea.

Kanaldudeko Hurbiletik saioak Kazetaritza Saria, Ttap aldizkari digitalak Komunikazio Saria eta Iñaki Elorza Txapasek Ohorezko Saria jaso zituzten Rikardo Arregi sarietan, Andoainen azaroaren 28an ospatu zen ekitaldian.

Euskarazko komunikazioa molde eta formatu berrituetara egokitzeko urrats berritzaileak egin dituzten komunikabideei begira sortutako saria da, eta Ttap baldintza hori ezin egokiago betetzen duela adierazi zuen epaimahaiak. «Bera dugu Euskal Herriko euskarazko zein erderazko lehen aldizkari digital multimedia aztergai askotarikoak biltzen dituena. Formatu multimedia eta digitalera egokitzeko bidean, euskarazko kazetaritzari esparru eta aukera berriak irekitzen dizkion proiektua da, elkarlanari ere zukua ateratzen diona eta aro digitaleko esparru ugari uztartzen ditu: sare sozialak, blog formatuan, ikus entzunezkoak, web guneetara loturak, ilustrazioak, infografiak… Anbizio handiko proiektu honek 2018ko probaketen ondoren 2019an eman ditu sendotzeko pauso erabakigarriak; besteak beste, edizio berriak, argitalpen bereziak, maiztasuna iraunkortzea…».

Monika Belastegi Ttap-eko zuzendariak hartu zuen hitza Basteroko ekitaldian. «Nominatuak geundela esateko deitu zigutenean, egundoko ohoretzat hartu genuen, baina baita etsipen puntu batekin ere, lehiakideen maila ikusita. Lauok baitugu ezaugarri komuna: euskararen aldagaia ekuaziotik kenduta ere, berrikuntzarekin estu lotutako apustuak gara. Azpimarratu eta aldarrikatzeko moduko gauza da hori, askok euskara tradizioarekin eta naftalinarekin lotzen duten sasoi hauetan. Euskarazko komunikabideen mundua oso bizirik dago, eta berrikuntzan buru belarri sartuta gaude denok ere. Ttap-en lehen unetik geure buruari baimena eman diegu esperimentatzeko eta jolasteko. Euskarri berri bat ekarri dugu euskaratik eta euskaraz. Edukiekin ere gauza berriak probatzen ari gara, enpresa eratzeko orduan ere euskarazko tokiko komunikabideak Bartzelonako komunikabide batekin elkartu gara. Pixkanaka Ttap bere ttapakiak sortzen ari da. Adibidez, Gipuzkoa eta Bizkaiako lehenbiziko edizioak Nafarroara ere zabaldu ditugu; bidean ikasitakoa Gaztezuloko lagunekin partekatzen dugu, eta horrelaxe, aurreko astean Zut aldizkaria aurkeztu genuen; Ttap-en bertsio hobetu bat sortu dugu nerabeei begira; Ixa telefonotik kontsumitzeko bertikalean grabatutako lehen web saila egin dugu; eduki mota berriak edukitzeko aukera ere laster izango dugu martxan, beste fikzio bat prestatzen ari gara zuzenean mugikorrean kontsumitzeko…».

 

ELKARRIZKETA:

Monika Belastegi, Ttap aldizkarizko zuzendaria

 

Zer moduz, pozik jasotako sariarekin?

Bai, oso-oso pozik gaude. Deitu zigutenean finalistak ginela esateko, egundoko poza hartu genuen. Marka da gero, Rikardo Arregi sarietarako hautagai izatea! Baina etsipen puntu batekin ere hartu genuen berria gainerako finalisten maila ikusita. Beraz, ohore doblea da, saria jaso izana.

Nola bizi izan zenuten saria jasotzeko unea?

Urduritasunarekin eta emozioarekin. Beste edizio batzuetan irabazleak jakin izan du saria eskuratuko zuela, baina aurten ez da horrela izan, aurkezleek azken unean gutunazala ireki arte ez genekien ezer, beraz, gure izena esan zuten une hori oso polita izan zen.

Epaimahiak, besteak beste, honako hau azpimarratu du Ttap-ez: “Euskarazko komunikazioa molde eta formatu berrituetara egokitu eta euskarazko komunikazioaren mesedetan haien aukeraz baliatzeko urrats berritzailea izatea”.

Euskarazko komunikazioaren mundua oso bizirik dago, eta berrikuntzan buru-belarri sartuta gaude denok ere, eta hori argi ikusten da Ttap-ekin batera finalista izan diren beste hiru hautagaiak ikusita.

Bestalde, gaur egun gailu eramangarriak gure bizitzetan, gure egunerokoan, erabat sartuta daude; beti daramagu mugikorra aldean. Informazioa kontsumitzeko ohituretan ere eragin dute eta Ttap sustatu dugun hedabideok sasoi berri hauetara egokitu beharra ikusten genuen eta euskaraz falta zela halako produktu bat. Euskarak behar du egon eskuko telefonoetan eta tabletetan. Ikusi dugu bereziki gazteak gailu hauetan daudela eta Ttap sortu dugun enpresok ohiko hedabideak badituzte ere –papera, telebistak, irratia eta webguneak– formatu berri honek kokatzen gaitu eskuko telefonoa duten guztien eskura. 

Zer suposatzen du Ttap egiten duzuenontzat saria irabazi izanak?

Sekulako bultzada, pizgarri ederra lantalde guztiarendako. Hasierak ez dira errazak izaten, proiektu berri bat martxan jartzeak beti ekartzen ditu burukominak eta lan handia. Are gehiago Ttap-n kasuan euskarri berritzailea izanda eta lantaldea ohiko euskarrietan lan egiten ohituta egonda –papera, ikus-entzunezkoak eta sarea– bada, zentzu horretan ere erronka izan da. Baina asko ikasi dugu eta honezkero hartu dugu martxa. Dena den, plataforma honek aukera asko eskaintzen ditu eta aurrerantzean eskaintzen dituen baliabide guztiak zukutzen saiatuko gara.

 Izango da berrikuntzarik aurrerantzean?

Besteak beste edukietan. Eduki mota berriak ikusten hasiko zarete laster; egunotan gabiltza beste fikzio bat prestatzen, zuzenean mugikorretik kontsumitzeko.

Eta oraindik ere Ttap ez duenarendako, nola deskaga daiteke aplikazioa?

Oso erraza da eta doakoa, gainera. tttap.eus webgunean eta iOS edo Android aplikazio dendetan deskarga daiteke. Behin deskargatuta, ostiralero-ostiralero mugikorrean jasoko du aldizkaria erabiltzaileak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun