Aurtengo urtarrila eta urria artean, Nafarroako 50.000 lagun baino gehiagok erabili dute Foru Gobernuak, Nafarroako Hondakinen Kontsortzioaren bitartez, eta Iruñerriko Mankomunitateak toki-erakundeen eskura jarritako baxera berrerabilgarria. Herri ekitaldietan baxera hori erabiltzearekin behin bakarrik erabiltzeko plastikoari aurre egin ahal izan zaio eta, modu horretan, edalontzi, mahai-tresna, plater, katilu eta abarren artean plastikozko 500.000 bat pieza erabiltzea saihestu da, soilik bederatzi hilabetetan. Eskualdean, Amaiurren, Anizen, Arantzan, Arizkunen, Arraiozen, Azpilkuetan, Baztandarren Biltzarran, Beartzunen, Beran, Berroetan, Donamarian, Donezteben, Elizondon, Eratsunen, Erratzun, Iruritan, Iturenen, Leitzan, Lekarozen, Lesakan, Zigan eta Zubietan egindako ekitaldietan erabili dute.
Hondakinen eta horien Fiskalitateari buruzko 14/2018 Foru Legean, erabilera bakarreko plater, edalontzi, katilu, elikagai-erretilu eta antzeko tresnen salmenta erregulatzen da, eta, ildo horretan, zerbitzuak aurre hartu dio etorkizuneko salmenta-debekuari.
2018ko ekainean abian jarritako baxera berrerabilgarriaren inguruko balantzea prentsaurrekoan aurkeztu dute, Hondakinen Prebentziorako Europako Astearen barnean aurreikusitako ekitaldien esparruan. Ekitaldian esku hartu dute Lurralde Kohesioko kontseilaria eta Nafarroako Hondakinen Kontsortzioko lehendakaria den Bernardo Cirizak eta Varazdin Fundazioaren kudeatzailea den Eduardo Jimenezek; azken fundazio hori eskaerak kudeatzeaz arduratzen da.
Cirizak nabarmendu du jaiak, herri-bazkariak, kirol-lehiaketak edo antzeko ekitaldiak «aukera ederra direla herritarren parte-hartzea eta tokiko ekonomia bultzatzeko, baina aldi berean kontsumoa gehitu eta hondakin gehiago sortzen dela horietan. Hori dela-eta, era horretako ekitaldiak aprobetxatu behar dira herritarrak ingurumenarekiko errespetuaren gainean sentsibilizatzeko».
Bestalde, Varazdineko kudeatzaileak azpimarratu du neurri horrek aztarna ekologikoa murrizten laguntzen duela. Horrez gain, Jimenezek ondorengoa esan du: «herritarren harrera sinestezina izan da; zerbitzu hobea nabaritu dute eta praktika egoki bat, hondakinen sorrera saihestu den heinean».
2019ko lehen 10 hilabetetan, Hondakinen Kontsortzioak eta Iruñerriko Mankomunitateak 38.000 bat herritarri eman die zerbitzua ekitaldi, jai, herri-bazkari, kirol-lehiaketa eta abarretarako. Datu horiei Bortzirietako, Izarbeibarreko, Malerrekako eta Erriberako Mankomunitateek eta Baztango Udalak jada zituzten baxeren erabiltzaileak gehitu behar zaizkie; beraz, guztira, 336 ekitalditan erabili dira baxera berrerabilgarriak, eta 50.764 mahaikideri eman die zerbitzua.