Finalerdietarako txartela ongi bideratua dauka Utergak

Ttipi-Ttapa 2019ko aza. 25a, 18:00
Xanti Uterga bikain hasi da binakako erremonte txapelketan.

Azpirozekin batera 40-23 irabazi zien Ansa II.a eta Ioni eta lor zitzakeen puntu guztiak lortu ditu orain arte (16)

Xanti Uterga doneztebarrak eta Azpirozek erraz irabazi zioten larunbatean Ansa II.a eta Ioni Galarretan, 40-23, binakako erremonte txapelketako partidan. Gisa honetan, Utergak txapelketako bi partidak irabazi ez ezik, banakako puntu guztiak ere lortu ditu eta hortaz, 16 punturekin, aurrelarien sailkapeneko buruan dago. Azpirozek 14 puntu lortu ditu eta atzelarien artean ere bera da buru.

Partida berdindua joan zen bederatzinako berdinketa arte eta hortik aitzinera jaun eta jabe izan ziren gorriak (19-10, 24-14, 27-17, 38-21 eta 40-23. Uterga izan zen onena eta 22 tanto egin zituen.

 

Urrutia II.a berriz erremontean

Larunbatean Galarretan jokatutako lehen partidan, berriz ere kantxetara itzuko den Oskar Urrutia II.a saldistarrak eta Aritz Zubiri goizuetarrak 35-33 irabazi zieten Beñat eta Larrañagari eta txapelketako partidaren ondotik jokatutakoan, Aritz Juanenea saldiastarrak eta Agirrezabalak 40-32 irabazi zieten Matxin III.a eta Garcesi.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun