Euskal Herriko periferiak erdigunera ekarriz 'Zizelkariak' dokumentala estreinatuko du Topatuk

Ttipi-Ttapa 2019ko aza. 24a, 11:00
Dokumentaleko protagonistak.

Euskal Herriko sei ertzetan hainbat arlotan borrokan ari diren sei gazteri ahotsa emanen dion dokumentala azaroaren 30ean estreinatuko dute Tuteran. Guztia aitzinera eramateko, ordea, diru bilketa kanpaina abiatua dute eta nahi duenak hilaren 29a bitarte proiektuari laguntza emateko aukera izanen du.

Tximeletak, Arrakala eta Gure kabuz ala hil lanen ondotik, Topatuk ekoitziriko laugarren dokumentala izanen da Zizelkariak. Euskal Herriko periferia geografikoetan bizi diren sei gazteri ahotsa eman nahi izan diete dokumentalean, ertzetako borroketatik Euskal Herri bat irudikatzeko. Hauek dira protagonistak: Arkaitz, Ezkerraldeko (Bizkaia) Harian gazte talde prekarioko kidea; Edurne, Tuterako (Nafarroa) Erribera Intsumisa neska gazte talde feministako kidea; Maika, Aldudeko ibarrean (Nafarroa Beherea) etxebizitzaren gaia lantzen duen Aiba taldeko kidea; Martta Donapauleko (Nafarroa Beherea) euskalgintzan eta kulturgintzan ari den gaztea; Ibai, Irunberriko (Nafarroa) musikaria eta musika talde gazte ugaritako kidea eta Jon, Arabar Errioxako (Araba) gazta asanbladako kidea.

Topatutik adierazi dutenez, «sei gazte horiek euren herrietan bizi duten errealitatearen berri emanen dute Zizelkariak dokumentalean, leku bakoitzeko borroken berri emanez». Aldi berean, «euren herrietan eta oro har Euskal Herrian etorkizunean garatu beharreko borrokak ekarriko dituzte erdigunera, elkarrekin Euskal Herri bat amestu eta irudikatzeko».

Ekarpenak

Dokumentalaren gibelean daudenak bortz gazte dira: Maddi Ane Txoperena eta Garazi Conde lesakarrak, Irati Majuelo, Mikel Urriza eta Aitor Servier, eta sorkuntzan eta produkzioan izaten ari diren gastuak arintzeko diru bilketa kanpaina hasi dute. 15, 25, 35, 40, 100 edota 200 euroko dirulaguntza eman daiteke Internetez. Guttienez 4.500 euro bildu nahi dituzte eta kanpaina bukatzeko zazpi egunen faltan 3.490 euro lortu dituzte.

Egindako ekarpenei eskerrak emateko, dokumentala bera (azalpen liburuxka eta USB batekin), dokumentalaren iruditeriarekin osaturiko kamisetak, laminak, oroigarriak eta herri edo auzoetan dokumentala proiektatzeko aukera eskainiko dituzte. Durangoko Azokan paratuko duten Topaturen stand-ean eskuratu ahal izanen dira opariak.

Tuterako estreinaldiaren ondotik, Durangoko Azokako Irudienean ikusteko aukera izanen da. Gero, dokumentalean ageri diren periferia guztietan emanen dute lana eta gero bertze toki batzuetan eskainiko dute, tartean, Lesakan.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun