Master Cup txapelketako partidak jokatuko dituzte Elizaldek eta Agirrek asteburu honetan

Ttipi-Ttapa 2019ko aza. 22a, 16:00

Iera Agirrek igandean Zamudion jokatuko du txapelketako lehenbiziko partida.

Larunbatean, Naroa Elizalde zubietarrak promozio mailako finalerdia jokatuko du Amaia Jakaren aurka Mañarian (Bizkaia) eta igandean, Iera Agirre leitzarra Zamudion (Bizkaia) izanen da; lehen mailako kanporaketa jokatuko du Maider Mendizabalen aurka. 

Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketako bi jardunaldi jokatuko dituzte asteburu honetan. Alde batetik, Mañarian, larunbatean, 17:00etatik aitzinera, pilota goxoarekin 16 urtez azpikoen partidak eta promozio mailako finalerdiak jokatuko dituzte. Partida erabakiorrak izanen dira, lehen finalistak orduan erabakiko baitira. Tartean ariko da Naroa Elizalde zubietarra, Ihabarko Amaia Jakaren aurka.

Igandean, Zamudion, goiz eta arratsaldez jokatuko dituzte partidak. Goizean, 11:00etan hasita, orain arte txapelketan parte hartu ez duten lehen mailako pilotarien txanda izanen da. Pilota goxoarekin, Patri Espinar eta Olatz Arrizabalaga iazko finalistekin batera, goi mailako bertze sei pilotari ariko dira, tartean, Iera Agirre leitzarra. Maider Mendizabal anoetarra izanen du aurkari leitzarrak. Guztira lau partida jokatuko dituzte eta lau onenek lortuko dute Otxandion (Bizkaia) azaroaren 30ean jokatuko den finalerdietarako txartela.

Igande arratsaldean, berriz, 17:00etan hasita, pilota mistoko final-laurdenetako partidak jokatuko dituzte. Material gogorragoarekin bertze lau partida jokatuko dituzte, baina hor ez da eskualdeko pilotaririk izanen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun