Mendialdeko Gazte Topaketa antolatu dute estreinakoz

Ttipi-Ttapa 2019ko aza. 29a, 14:00
Elkar ezagutu eta esperientziak elkarbanatzeko asmoz antolatu dute Topaketa.

Abenduaren 6an eta 7an bilduko dira Lekunberrin dagoen Larraungo Printza Gune Autogestionatuan

 

Argirik gabeko bideak, etorkizunik ez du lemapean, Mendialdeko I. Gazte Topaketa antolatu dute Lekunberrin. Abenduaren 6an eta 7an egin dute hitzordua Larraungo Printza Gune Autogestionatuan  eta Nafarroako Mendialdeko gazte guztiei egin diete bertaratzeko deia: Bortziriak, Baztan, Malerreka, Leitzaldea, Irurtzun-Arakil, Larraun, Basaburua-Imotz, Araitz-Betelu...  

Azaroaren 16an egindako agerraldian azaldu zutenez, «elkartasunezko harremanak eraiki eta esperientziak elkarbanatzeko» baliatu nahi dituzte topaketak: «elkar ezagutu eta aurrerantzean baliagarri izanen zaizkigun tresnak barneratzen joateko antolatu ditugu aurrenekoz Mendialdeko Gazte Topaketak».  
Abenduaren 6an, ostiralarekin, hasiko dituzte topaketak eta abenduaren 7ko ilunabarrera arte hainbat ekintza antolatu dituzte. 

«Elkar ezagutu eta esperientziak elkarbanatzea da asmoa»  

Abenduak 6, ostirala 
Arratsaldean, 16:00 aldera, harrera eginen diete Larraungo Printza Gune Autogestionatuan Nafarroako Mendialdeko  hainbat txokotatik joanen diren gazteei. 17:00etan elkar ezagutzeko jolasak eginen dituzte eta 18:00etan inguruko gazte asanbladen egoera aztergai izanen dute mahai-inguru batean. Bateko eta besteko ordezkariak egonen direnez, bakoitzak bere egoera, bizipenak... partekatuko ditu besteekin. 21:00 aldera afari autogestionatua eginen dute, norberak bere afaria eramanen du etxetik eta elkarbanatu eginen dute. Ondoren, Alaitz eta Leire Olanok kontzertu akustikoa eskainiko dute. Nahi duenak gaua bertan pasatzeko aukera izanen du lotarako tokia izanen baita.

Abenduak 7, larunbata
Biharamunean, 09:00etan gosaldu eta 10:00etan eguna antolatzeko asanblada eginen dute. Denen artean erabakiko dituzte eginen dituzten ekintzak. 10:30ean testuen eztabaida egin eta 14:00etan bazkaltzeko elkartuko dira. Ondotik, topaketei bukaera emanez,  auzolana eginen dute. Topaketak «harremanak saretzeko aukera paregabea» direla esanez, gazte guztiei bertaratzeko deia egin diete.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun