Erosketetan hondakinak murrizteko tuperrak banatuko dituzte Baztan-Bidasoaldean

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2019ko aza. 19a, 08:30
Arraindegietan eta harakindegietan erosketak egiteko tupperrak banatuko dituzte.

Baztango Udalak eta Bortziriak eta Malerrekako Mankomunitateek azaroaren 16tik 24ra doan Europako Hondakinen prebentziorako Astea baliatuz hondakinak murrizteko kanpaina martxan jarri dute berriz ere

Baztango Udalak eta Bortziriak eta Malerrekako Mankomunitateek, urteroko ohiturarekin jarraituz, Hondakinen Prebentziorako Europako Astearen baitan prebentzio kanpaina bat jarri dute martxan. Aurten, duela 3 urte egin zuten kanpaina arrakastatsua errepikatuz, arraindegi eta harategietan sortzen diren plastiko eta paper hondakinak saihesteko tuperrak banatuko dituzte herritarren artean. Kanpainaren helburu nagusia hondakinak sortzearen arazoei buruzko gogoeta eragitea, eta erosketak egiterakoan hau kontutan hartzea da. Gure erosteko ohiturek eta erosketak egiteko moduek eragin haundia dute hondakinen sorreran eta erosketarako poltsa berrerabilgarriak eta tuperrak erabiltzeko ohitura hartuz gero sortutako hondakin kopurua aunitz murrizten ahal dugu.

Azaroaren 16tik 24ra bitartean ospatuko den Europako Hondakinen Prebentziorako Astea baliatu dute aipaturiko erakundeek prebentzio ekintza honen inguruko informazioa zabaltzeko. Bortziriak eta Malerrekan tuperrak establezimentuetan banatuko dira zuzenean (Bortzirietan arraindegietan eta Malerrekan arraindegi eta harategietan). Baztanen aldiz, etxean gai organikoa bereiztea eta inkesta bat betetzea beharrezkoa izanen da Udaletxean tuperra bildu ahal izateko. Edozein kasutan tuper bat banatuko da familia unitate bakoitzeko. Azaroan zehar kanpainara atxikituriko establezimentuetan erosketak tuperrarekin egin eta horrela hondakinik sortzen ez dugun aldiero erosketa bonoen zozketan sartzeko aukera izanen dugu eskualde osoan.

 

Hondakinen Prebentziorako Europako Astea Nafarroan

Hondakinei aurrea hartzea premiazko kontua da Europar Batasuneko herrialde guztientzat, etxeko hondakinak bikoiztu egin baitira azken 40 urtean, eta kopurua % 1etik % 2ra bitarte igotzen da urtero.

Hondakinei buruzko 2008/98/EE Zuzentarauak prebentzioak hondakinak kudeatzeko hierarkian lehentasuna duela xedatu du, hondakinak murrizten laguntzen bait du. Horrela, Nafarroan

indarrean dugun Hondakinen Planak ere, gainean dugun 2020. urterako hondakinen sorrera %10ean murrizteko proposamena egiten du.

 

Hondakinen prebentzioa gure eskualdean

Baztango Udalak eta Bortziriak eta Malerrekako Mankomunitateek jakin badakite hondakinen prebentzioa bultzatu beharra dagoela; horregatik, bestelako jarduerak ere antolatzen dira prebentzioaren arloan. Horrela, tamaina handiko hondakinak eta TEEHak berrerabilpena sustatzen dugu, besta eta egun berezietarako edalontzi eta baxera berrerabilgarrien erabilpena, bokatak biltzeko bilduki berezi edo “bokatonaren” erabilpena, etab.

 

ATXIKITUTAKO ESTABLEZIMENTUAK

Baztanen

Tupperrak Baztango udaletxean banatuko dira inkesta bat bete ondotik eta arraindegi eta harategietan erabiltzeko dira. Herriz herriko arraindegi zerbitzuan ere erabili ahalko dira.

ATXIKITUTAKO ESTABLEZIMENDUAK:

Harategiak: Adela janaridenda (Elizondo), Bidegain Merkatu Azokako harategia (Elizondo), Eroskiko harategia (Elizondo), Esarte harategia (Elizondo), Iriarte harategia (Arizkun), Mihura harategia (Oronoz), Obregozo harategia (Irurita), Roberto Goñi harategia (Elizondo), Simply-ko harategia (Arraioz).

Arraindegiak: Bidegain Merkatu Azokako arraindegia (Elizondo), Eroskiko arraindegia (Elizondo) eta Simply-ko arraindegia (Arraioz).

 

Bortzirietan

Bortzirietan tupperrak arraindegietan banatuko dira, bertan erabiltzeko (herriz herriko arraindegi zerbitzuan ere banatu eta erabili ahalko dira).

ATXIKITUTAKO ESTABLEZIMENDUAK:

Amaleun arraindegia (Bera), Txalupa arraindegia (Bera), Erosle Bortziri-ko arraindegia (Lesaka) eta Maite arraindegia (Lesaka).

 

Malerrekan

Tupperrak Malerrekako arraindegi eta harategietan banatuko dira eta establezimendu horietan erosketak egiteko erabiliko dira.

ATXIKITUTAKO ESTABLEZIMENDUAK:

Harategiak: Eroski-ko harategia (Doneztebe), Saldias harategia (Doneztebe), Luis Martin harategia (Doneztebe) eta SUMA-ko harategia (Doneztebe).

Arraindegiak: Beni arraindegia (Doneztebe) eta SUMA-ko arraindegia (Doneztebe).

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun