Euskal kulturak Nafarroan dituen erronkak zehazteko jardunaldia eginen dute urtarrilean

Ttipi-Ttapa 2019ko aza. 19a, 09:30
Hari Izpia Hartzen jardunaldia euskal kulturak Nafarroan dituen erronkei buruz gogoeta egiteko baliatu nahi dute

Nafarroako euskara teknikarien sareak, Elkar fundazioak eta Karrikiri elkarteak antolatu dute, Hari izpia hartzen izenburupean Iruñeko Kondestablearen Jauregian

 

Nafarroako euskara teknikarien sareak, Elkar fundazioak eta Karrikiri elkarteak kezka bat partekatzen dute: Nafarroako euskal hiztunen komunitatea handituz doan arren, ez da handitzen ari euskal kultura kontsumitzen dutenen kopurua. Sorkuntza aberatsa eta komunitatea trinkoak diren arren, transmisioa ahula da; eten egin da. Gogoeta horietatik abiatuta, Hari izpia hartzen izeneko jardunaldia antolatu dute urtarrilaren 24rako, eragileen artean gogoeta bateratu bat egiteko, diagnostiko bat osatzeko eta aitzinera begirako lan ildoak eta erronkak zehazteko.

Jon Jaka Elkar fundazioko lehendakariak azaldu du gogoeta hori jardunaldien aurkezpenean. Haren hitzetan, hezkuntza arautuan baliabideak falta dira, hizkuntzaren irakaskuntzarako material ugari dagoen arren, ez baita euskal kultura transbertsalki lantzeko moduko materialik. Bertzalde, teknologia berriek sozializatzeko bideetan eragin dituzten aldaketek «iraultza kultural» bat ekarri dute, eta horretara moldatzeko beharra ere badago. Azkenik, erakundeen eta kultur eragileen arteko lan bateratuaren beharra dago, euskal kultura ez baita agenda politikoan garrantzia duen gai bat. 

Kezka horien aitzinean, erronkak zehazteko hitzaldi eta gogoeta zenbait eginen dituzte jardunaldietan. Egunari hasiera emateko, Josu Amezaga EHUko irakasleak 'Euskal kulturaren kontsumoa' izeneko hitzaldia emanen du, eta hura ulertzeko garrantzitsuak diren hainbat gako eskainiko ditu. 

Horren segidan etorriko den ekitaldia izanen da topaketaren hitzordu nagusia. Euskal kulturak Nafarroan dituen erronken inguruko gogoeta gidatu bat izanen da, Jon Abrilek zuzendua. Jon Abrilek azaldu duenez, ariketaren bitartez euskal kultur sormenak eta produkzioak euskararen normalizazioan eta, alderantziz, euskararen normalizaziotik euskal kulturaren sormenean eragiteko zer eta nola egin behar den hausnartuko dute. 

Gogoeta horren ondotik, Miren Artetxe bertsolari eta EHUko irakasleak gazteen eta transmisioaren inguruko hitzaldia emanen du, Ipar Euskal Herriko bertso eskoletan egindako azterlanetatik abiatuta.

Jardunaldia amaitzeko, Euskal Herriko hiru esperientzia ezagutzeko solasaldia eginen dute Aitor Elexpuru Berako alkateak, Xabier Gantzarain Azpeitiko kultur mahaiko kideak eta Gartzen Garaio Aiaraldeko Ekintzen faktoriako kideak. Bakoitzak bere herriko kultur esperientzia azalduko du.

Jarduera guztiak Kondestablearen jauregian eginen dituzte eta, nornahirentzat irekiak izanen badira ere, parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute urtarrilaren 17ra arte, euskara@sakana-mank.eus  helbidean. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun