Ikasgelak hustu eta karrikak hartzeko prest

Gurutze Pikabea 2019ko aza. 16a, 10:00
Argazkian ageri diren gazteek joan den urriaren 12an egin zuten azaroaren 28rako ikasle grebaren deialdia.

Egungo hezkuntza sistemaren «zanpaketak» salatu eta euskal hezkuntza sistema propio bat aldarrikatzeko ikasleak grebara deitu dituzte azaroaren 28rako. Euskal Herriko ikasle mugimenduetako hainbat kidek, tartean eskualdeko gazte ugarik, egin dute deialdia.

 

Indarra izan eta eman gure hezkuntzari lelopean grebara deitu dituzte ikasleak azaroaren 28rako. Euskal Herriko ikasle mugimenduetako hainbat kidek egin dute deialdia, «espainiar eta frantziar estatuek inposatutako hezkuntza siste- men zanpaketak salatu eta euskal hezkuntza sistema buru- jabe bat sortu» nahi dutelako.

 

Bortzirietan 'Ikasleok Tinko!'

Esknualdeko gazte talde ugarik bat egin dute aldarriarekin, tartean, iaz lanean hasi eta ikasturte honetan sortu duten Berako institutuko Ikasleok Tinko! taldeak. «20 bat ikasle» direla eta «gogotsu eta indartsu» ari direla kontatu digute Ekhiñe Zapiain Arlegik (Bera, 2002) eta Beñat Iantzi Etxartek (Lesaka, 2000). Zapiainek aitortu digunez, «nazionalki antolatzeko beharra» ikusi zutelako, «Euskal Herriko bertze txokoetako jendearekin» elkarlanean hasi, eta «Gora ikasleon borroka dinamikaren baitan» greba deitu dute. «Helburua Euskal Herriko ikasleria kontzientziatu eta jendarteari ikasleok egungo hezkuntza sistema zanpatzailearekin ados ez gaudela eta horri aitzin egiteko antolatu garela erakustea da». Halaxe azaldu digu Iantzik.

«Sistema zanpatzailearekin ez gaude ados»

BEÑAT IANTZI ETXARTE, LESAKA

 

Baztanen ere lanean

Baztanen, Lekarozko institutuko ikasleek ere badute mugimendua. Garazi Sarobe Sansiñenak (Elizondo, 2003) aitortu digunez, «joan den urtean hasi ginen biltzen, baina taldea aurten egonkortu dugu eta 22 lagun gara». Sarobe bezala, Baztango ikasle mugimenduko kide den Markel Adin Bidegainek (Arizkun, 2004) erran digunez, «desadostasunak aldarrikatzeko eta aldarrikatu nahi duguna erakusteko» egin dute grebarako deia. 

«Greba hau oinarrizko urratsa da»

GARAZI SAROBE SANSIÑENA, ELIZONDO

 

Leitzan ere grebarako prest

Leitzan iaz sortu zuten ikasle taldea, Xabat Illarregi Marzolek (Leitza, 2001) kontatu digunez, «gaiari buruz hausnartzeko eta mugitzen hasteko». Geroztik bai «lokalki» eta ekainaz geroztik baita Euskal Herriko bertze ikastetxeekin ere lanean ari dira.  Joana Sagastibeltza Zabaletak (Leitza, 2004) Leitzan bost lagun biltzen direla adierazi digu eta «ikasleok ditugun problematikei eta zapalkuntzei aurre egiteko» bat egin dutela Euskal Herri mailako mugimenduarekin. Illarregirentzat «garrantzitsua da ikasleen artean zapaltzen gaituen eta gure nahiak mugatzen dituen hezkuntza sistema honen inguruan kontzientzia piztea, baita kritika egitea ere, aldaketarako modu bat baita».

«Ikasleok zapalkuntza asko ditugu»

JOANA SAGASTIBELTZA ZABALETA, LEITZA

 

Ikasleen egoera «txarra»

Ikasleen egoerak ezinegona sortzen die sei gazteei. Adin eta Sagastibeltzarentzat, egoera hori «txarra» da, leitzarraren ustez, «zapalkuntza asko ditugulako» eta arizkundarraren arabera, «zenbakitzat hartzen gaituen hezkuntza bat inposatzen digutelako». Saroberi ere «ikasleak zenbaki hutsak» iruditzen zaizkio, «ikasketetan dugun gaitasunagatik bereizten gaituzte onak eta txarrak garen; kalifikazioetan hartzen dugun nota bertzerik ez gara». 

Zapiainek, berriz, «espainiar zein frantziar hezkuntza sistemen aldetik, ikasle euskaldunak zanpatuak» ikusten ditu eta Iantzik «bi estatu horiek gure herria hainbat aspektutan zanpatzen» dutela dio: «eta hezkuntzak berebiziko garrantzia du zanpaketa horretan».

Ikasle mugimenduak «garai hobeak izan dituela» uste badu ere, «injustiziei aitzin egiteko antolatzen den ikasleria» badela oroitarazi du lesakarrak. Bere hitzetan, «gehiengo zabala egungo hezkuntza sistemarekin ez dago ados». Illarregi eta Zapiainek ikasleak «deseroso» sumatzen dituzte; «beharturik gaudelako gure maila azterketa bateko notara mugatzera, beharturik azterketa erabakigarri bat egitera ikasketekin jarraitzeko, beharturik ezarritako aurpegi batetik historia ikastera, beharturik diru kantitate jakin bat gastatzera ikasteko materiala edukitzeko...», dio leitzarrak.

Kezka bai, baina mugimendu gutti. «Batzuei oraindik antolatzeko pausoa ematea falta zaiela» azaldu du beratarrak eta lesakarraren ustez, «ikasleak ez dira aitzin egiteko antolatzen eta egitekotan indibidualki egiten dute». Argi du horren «erruduna sistema» dela: «sistemak balore indibidualistetan hezten gaitu, esperientziak erakutsi baitio ikasleria banatuta baino arriskutsuagoa dela antolatuta».

«Antolatuz gero posible da eredu propioa lortzea»

EKHIÑE ZAPIAIN ARLEGI, BERA

 

Hezkuntza sistemarekin haserre

Hezkuntza sistemarekin ere kritiko dira. Adinen hitzetan, «zanpatzailea» da eta Zapiainentzat «sistema kapitalista heteropatriarkatuari mesede egiten dion eredua da». Iantzik, berriz, «momentuko gobernuak aukeratutako balioen baitan hezten gaituen sistema» dela nabarmendu du eta  Illarregik hezkuntza sistemak ikaslea «sumiso izatea» nahi duela uste du, «ahoa itxi eta iritzi kritikorik ez edukitzera bultzatzen baitute». Saroberen hitzetan, sistemaren helburua «makinak sortzea» da: «ikastea ez da kontutan hartzen, nota ona ateratzea baizik».

«Ikasleak kontzientziatzea garrantzitsua da»

XABAT ILLARREGI MARZOL, LEITZA

 

Mugitzeko deia

Grebarekin bat egin duten eskualdeko sei ikasle dira Zapiain, Sarobe, Iantzi, Illarregi, Adin eta Sagastibeltza eta «injustizia, zanpaketa eta problematikei aitzin egiteko», gainerako ikasleek azaroaren 28an euren bidea hartzea nahi dute. «Frantzia eta Espainiatik ezarritako sistema hau aldatu beharra dago, eta horretarako ikasleak mugitzea besterik ez da geratzen», aipatu digu Illarregik.

«Jendea grebara batuz eta ikasleak antolatuz, gure eredua lortzea posible dela» sinetsita dago Zapiain, «agian ez epe laburrean, baina bai gerora». Bide horretan, Sarobek argi du greba «oinarrizko urratsa» izanen dela, «ikasleak mugitzen ari garela eta hezkuntza sistema zanpatzaile honen aurka gure aldarriak erakutsiko ditugula ikusarazteko». Hortik aitzinera, «antolakuntza egonkortuta, lanean segituko»  dutela onartu digu Adinek. Ilarregiri ere ez zaio iruditzen «horrelako zerbaitek greba hutsean geratu behar duenik. Grebak jendea pizteko eta hor gaudela jakinarazteko balio du, eta hortik aurrera hasten da helburu bat lortzeko bidea». Sarobek «hurrengo pausoak antolakunde propioa sortzea eta poliki-poliki lanean segitzea izanen direla» gaineratu du.

«Grebaren ondotik lanean segituko dugu»

MARKEl ADIN BIDEGAIN, ARIZKUN

Egunari begira, inguruan grebak erantzun «ona» izatea espero dute, nahiz eta mobilizazioetan parte hartzea «zailagoa» izanen dela dioten. Iantzi «ziur» dago «ikasleen %99ak grebarekin bat eginen duela, %100a ez errateagatik», baina aldi berean «ziur» dago «greba eginen dugun ikasle guztiak ez garela Hego Euskal Herriko hiriburuetan antolatuko diren mobilizazioetara agertuko, eta batzuk greba klasea galtzeko eginen dutela» Garbi utzi nahi izan du greba «borrokarako tresna» dela, «eta ez klasea galtzeko zerbait».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun