Nekazaritza sektoreaz eta klima aldaketaz hausnarketa egin dute EHNE eta ELB sindikatuek

Ttipi-Ttapa 2019ko aza. 12a, 19:00

Lurrama Azokaren harira, manifestua sinatu dute EHNE eta ELB sindikatuek.

Lurrama Azokaren harira manifestua eman dute argitara

 

 

LURRAMA azokak aurten Klima-aldaketa ardatz duela eta, EHNE eta ELB nekazaritza sindikatuek, gaia honen inguruan, lehnengo sektoretik egindako hausnarketa baten berri eman nahi izan diote jendarteari, manifestu baten bitartez.

«Gure ustez dagoeneko inork ukatzen ez duen klima aldaketak, energi-ekoizpena, garraioa, industria, nekazaritza eta abeltzaintza eredua eta honekin batera ondasun, zerbitzu zein kultura kontsumo ereduak, ditu jatorrizko oinarri», diote idatzian. 

Gure sektorean, berotegi efektuko gasak (BEG) murriztu eta mugatzeko neurriak, eta zaurgarritasuna arintzeko egokitze neurriez gain, lehen sektorearen beraren ekoizpen eredua eta aldi berean elikagai-kontsumo eredua dira klima-aldaketari aurre egiteko gakoak, bi sindikatuen ustez..

EHNE eta ELB-k urte aunitz daramazkite lurrari lotutako nekazaritza eta abeltzaintza txikien eredua defendatzen, «lurraldeari egokitutako bertako barietateak ekoizten dituena, intsumoen zentzuzko erabilera egiten duena eta besteak beste bertako arrazak estentsiboan hazten dituena. Eredu mota hau ingurumenarekin eta sozialki iraunkorrena dela frogatuta dago, aberastasuna banatzen duelako, jendea landa eremuetan mantentzen duelako, herrien kultur ondareari eusten diolako, kalitatezko elikagaiak ekoizten dituelako eta klima aldaketari aurre egiten diolako».

Lehen sektoreak, ingurumena eta abere-ongizatea zainduz kalitatezko elikagaiak ekoizteaz gain, nekazari eta abeltzainentzat errentagarria izatea eta nekazaritzaren jarraipena bermatzeko belaunaldi berrientzat erakargarria izatea beharrezkoa du. EHNE eta ELBren ustez, «nekazaritza aktiboak nekazarien eta abeltzainen esku egotea ezinbestekoa da eta ez mozkin edo etekin ekonomikoa beste irizpiderik ez duten enpresa handien esku».

Ez da nahikoa neurri tekniko zehatzak edo teknologia erabiltzea, baizik eta iraunkortasuna ardatz duten nekazaritza eta abeltzaintza ereduak oinarri dituzten neurri politikoak garatu behar dira, ez ingurumenaren aldetik bakarrik, baita sozialki ere.

«Gainera kontsumitzailearen laguntza ere behar dugu», diote, «jango dituen produktuak hautatzerakoan kontzientzia duen kontsumitzailea».

ELB eta EHNEren erranetan, «nekazaritza eta abeltzaintza mota hau garatzeko eta ongi elikatzeak nolako garrantzia duen  populazioak kontzientzia hartu dezan eta aldi berean klima aldaketari aurre egiteko, beraz elikadura burujabetzaren kontzeptuaren garatzeko, janariak ekoizteko eta kontsumitzeko eredu honen alde egiten duten politikak behar ditugu. Ekoizpena, transformazioa eta elikagai-kontsumoa ahalik hurbilena izatea behar dugu».

EHNE eta ELB sindikatuetako abeltzain eta nekazariek, «gure kontraesanak kontraesan», sektore eredu honen aldeko apustua egin nahi dute, «baina horretarako hau garatzen lagunduko duen politikak behar ditugu».

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun