Errigorako saskiak osatu dituzte auzolanean

Ttipi-Ttapa 2019ko aza. 11a, 15:17

Nafarroa hegoaldeko zein Euskal Herriko hamaika txokotako dozenaka lagun bildu ziren igandean Ablitasen, auzolanean, Errigorako milaka saski osatzeko. Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka goiburupean zazpigarren kanpaina dute aurtengoa. Orain arte, 1.000.000 euro bideratu dituzte Nafarroako hegoaldean euskara sustatu eta euskararen aldeko jarrerak indartzeko.

Urriaren 30ean abiatu zuten Errigoraren 7. Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpaina eta azaroaren 20an bukatuko da. 200 herri baino gehiagotan, ehunka boluntario ari da asteotan informazioa zabaldu eta eskaerak jasotzen, auzolanean. Izan ere, auzolana da kanpaina honen oinarri nagusietakoa: horri esker da posible 3 saskietako bat  eskatu eta salneurriaren %25 Nafarroa hegoaldeko euskalgintza laguntzera bideratzea.

Aurten kanpaina indartu nahi izan dute eta berrikuntzak egin dituzte. Erraterako, hiru saski eskaintzen dituzte: Saski beltz klasikoa, 50 eurotan, saski berde bat produktu guztiak ekologikoak dituena, 60 eurotan, eta saski zuri berezia, 70 eurotan. 

Bestalde, diru ekarpenaren zati bat Agerraldia ekimenera ere bideratuko dute. Agerraldia Nafarroa erdi eta hegoaldeko euskaltzaleak saretzeko sortu den egitasmoa da, euskara sustatzeko estrategiak bertatik bertara erabakitzeko. Erronka da euskararen ezagutza erraztea, erabilera sustatzea eta euskararen aldeko jarrerak bultzatzea, eta euskararen presentzia handitzea ildo desberdinetan: Kulturan, aisian, kirolean, alor sozio-ekonomikoan eta instituzionalean.

Helburu handiak ditugu lortzeko eta guztion ekintza txikiekin lor daiteke. Eskaintza berrituz saskien eskaeretatik ateratzen den diru ekarpean indartzeko apustua egin dugu. Arnasa handia da Nafarroa erdi eta hegoaldeko ikastolentzako,  AEK euskaltegintzako eta D ereduko ikastetxeentzako. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun