Zainzuriak, orburuak, pikillo piperrak, olioa, ardoa, arroza, gaztak, eztia, fruitu lehorrak, haragia, baratxuriak edo patxarana izanen dira asteburu honetan, azaroaren 9tik 11ra Lurrama nekazaritza azokan salduko diren Nafarroako berta-bertakoak diren zenbait produktu, Miarritzeko Irati gelan hain zuzen ere. Bertzeak bertze, betizu haragia landuko dute eta musika arloan, Kaskezur eta DJ Tirri&tery aritzekoak dira.
Hamalaugarren urtez ospatuko den azoka honetan, «agroekologiaren eta jendarte ekonomiaren ikuspuntutik lurrarekin eta beren herriekin konpromisoa duten ekoizleen» lana erakutsiko da, Aritz Ganboa, Bizilurreko lehendakari ordeak azaldu duenez. Hogeiren bat ekoizle nafarren partehartzearen bidez, «erakusteko harro gauden errealitate anitz eta aberatsa ordezkatu behar dugu», gehitu du.
Bere aldetik, EHNE-Nafarroako Imanol Ibero lehendakariak, Lurrama «nekazalgotik bizi diren nekazariendako errenta duinez gain paisaiaren zaintzea, lurren aberastea, karbonoaren bahitzea, nekazal jarduerei lotutako herri txikiei bizirik eustea, eta jendartearendako kalitatezko elikagaiak ekoiztea bezalako albo ondorio positiboak dituen nekazal eredua» defendatzen duen eremua dela azpimarratu du.
Azokan Nafarroako ordezkaritza instituzionala izanen da Juan Manuel Intxaurrandieta, INTIAko gerentearen bitartez, erakunde honek buru belarri lagundu eta erraztu du nafarroako ekoizleak Lurraman egotea, azpiegitura eta salmenta sarea eskainiz.
Era berean Itziar Gomez Landa Garapen eta Ingurumen kontseilariak Lurramari eskertu dio Nafarroa hautatu izana lurralde gonbidatu gisa, «gure produktu eta ekoizleentzat erakusleiho den heinean bizitzeko modu bat baitu atzean». Gure kontsumo ereduari buruz eta bertako produktuak kontsumitzearen garrantziari buruz gogoeta eginarazi behar diguten azokak dira. Bertako produktuak erosiz gure ingurua zaintzen eta negutegi efektuko gasak murrizten laguntzen dugu, lekuko ekonomia sustatzen dugu eta landa eremuetan biztanlez hustearen aurka borrokan ari diren herriei eusten diegu.
Nafarroako ekoizpenen azokaz gain, Lurramak antolatu ditu erakusketak, jarduera gastronomikoak, eskolendako tailerrak, hitzaldiak, animazioak eta aurten batez ere klima aldaketaren aurkako borrokan jarri du arreta. Iker Elosegi, azoka antolatu duen Euskal Herriko Laborantza Ganbarako ordezkariak adierazi du «nekazaritza da arazo honen sortzaileetariko bat, baina aldi berean nekazariak dira arazo honen lehenengo pairatzaileak». Frantziar estatukoa ez den eskualde bat gonbidatu den lehenengo aldia dela nabarmendu du, «baina hurbileko lurraldeak gonbidatzeko gogo bizia genuen eta hain erantzun pozgarria izan duen Nafarroa izatea bururatu zitzaigun».
Egitaraua
Azaroaren 8an, ortziraleko afarrirako Nafarroako produktuekin osatutako menua prestatuko dute Miarritzeko ostalaritza eskolako ikasleek.
Azaroaren 9an, larunbatean 11:00etan «dastaketa musikatua» izanen dute. Juan Carlos Fernandez sukaldariak Nafarroako zonalde ezberdinak identifikatuko dituzten pintxoak prestatuko ditu, Ardanbera fanfarreak eremu horietako bakoitzeko musika jotzen duen bitartean.
Azaroaren 10ean, Enrique Martineze chef-ak desagertzeko arriskuan dagoen betizu haragiarekin plater bat prestatuko du, Tuterako orburuarekin eta Nafarroako Pirinioko patatarekin lagundua. Nafarroako barazkien inguruko tailerra ere egitekoa dute.
Musika arloan, aipatzekoa da EZK txarangaz gain, Kaskezur taldea eta DJ Tirri&tery ere aritzekoak direla.