Huerta de Peraltako langile borrokaren inguruko dokumentala Beran eta Elizondon ikusgai

Ttipi-Ttapa 2019ko aza. 8a, 12:00

Unai Redinek zuzendu eta LAB sindikatuak ekoitzitako Hokoke dokumentala Huerta de Peraltako lan gatazkan oinarritutakoa da eta azaroaren 13an Berako Espidobaita Kultur Elkartean eta hilaren 20an Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean aurkeztuko dute. Ondotik solasaldia eginen dute.

Nekazaritza produktuak ekoitzi eta ontziratzen dituen Nafarroako enpreseta handienetako bat da Huerta de Peralta, eta etorkinak dira langile gehienak. LABek salatu izan duenez, «langileek 11, 12, 13 edo 14 orduko lanaldiak egiten zituzten, ez  zizkieten jaiegunak eta oporrak ordaintzen, ez zizkieten plusak, kategoriak eta antzinatasunak ordaintzen… Eta hori guztia arrazakeriatik zein xenofobiatik hurbil zegoen giro zapaltzaile batez inguraturik». Euren baldintzak hobetzeko asmoz, langileak antolatu egin ziren iaz. Baina enpresak hainbat langile kaleratu eta zigortu zituen. Langileek greba mugagabearekin erantzun zioten enpresak egindakoari. Grebak 28 egun iraun zituen eta hainbat istilu izan ziren. Hortik sortua da dokumentala, «langile borrokaren eredu» izan zirela erakutsi nahi duena.

Azaroaren 13an, 19:00etan, Berako Espidobaita Kultur Elkartean ikusteko aukera izanen da eta azaroaren 20an, Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean, 19:00etan. Bi emanaldietarako sarrerak dohainik izanen dira eta dokumentala ikusteko aukera eskaintzeaz gain, horren inguruko solasaldia ere izanen da.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun