Aspaldiko uso pasarik ttikiena

Ttipi-Ttapa 2019ko aza. 9a, 12:00

Denboraldi berezia eta ezohikoa izaten ari da aurtengoa usazaleentzat eta kexu dira ehiztariak usorik pasatzen ez delako. Datuak dira horren adierazle. Sarako kasuan, adibidez, joan den urtean urriaren erdialdetik azaroaren erdialdera 268.943 uso pasatu zirela zenbatu zituzten, eta aurten, tenore bereko datuak kontuan hartuz, 22.834 uso baino ez dira igaro, iazkoaren %8a baino ez.

Garai batean, usoak urri hasieran pasatzen ziren eskualdetik. Azken urteotan, ordea, gero eta beranduago pasatzen dira. Arrazoiak ugariak izan daitezkeela diote adituek. Julen Rekondo kimikaria eta ingurumen gaietan aditua den kazetaria, erraterako, aste honetan honela mintzatu da Noticias egunkarian: «alde batetik, lehen baino denbora gehiago pasatzen dute klima beroagoa den tokietara joateko egiten duten bidaian, Landetan arto aunitz izaten dute jateko eta azken urteotan abenduan ere uso-multzoa handiak pasatu izan dira. Bertzetik, garai batean Nafarroako Pirinioetatik egiten zuten bidea orain bertze tokietatik egiten dutela ere izan daiteke arrazoia eta aldaketa klimatikoaren ondorio izan daitekeela ere aipatzen duenik ere bada, nahiz eta ez dagoen hori hala dela baieztatzen duen ikerketarik».

Datuak

Datuak dira ehiza denboraldia hasi zenetik uso gutti pasatu direla erakusten dutenak. Etxalarko usategietan, konparazio batera, sare bidez orain arte 47 dozena bildu dituzte aurten, joan den urtean ehizatu zuten kopuruaren erdia. Eta eguraldia eta sare bidezko denboraldia azaroaren 18an bukatuko dela kontuan hartuz, ez dirudi datua aunitz aldatuko denik.

Bertzalde, Palombe.com usazaleen atariaren datuak ere joera horren lekuko dira. 1999az geroztik Sara, Arnegi, Banka eta Urruñatik –garai batean Iratikoak ere bai– pasatzen diren uso kopurua neurtzen du atari horrek, urriaren erdialdetik azaroaren erdialdera bitarte. Herriz herri dituzten kolaboratzaileen laguntzarekin bildutako kopuruak dira eta horren arabera, iazkoa sasoi ona izan zen, baina aurtengoak ez du joan den urtekoaren itxurarik. Palombe.com atariaren arabera, joan den urtean urriaren erdialdetik azaroaren erdialdera 268.943 uso pasatu ziren Saratik, eta aurten, urriaren 15etik azaroaren 6rako datuak hartuz, 22.834 uso baino ez dira igaro, iazko kopuruaren %8a baino ez. Datuok urruti daude 2008an pasatu ziren 743.331 edo 2012ko 606.167 usoetatik.

  ARNEGI BANKA IRATI SARA URRUÑA GUZTIRA
1999 1.144.912 582.576 84.135 427.432 548.571 2.787.626
2000 391.742 449.558 61.378 264.557 389.752 1.556.987
2001 651.779 375.267 72.556 312.164 417.017 1.828.783
2002 648.931 358.833 274.383 490.954 279.360 2 052.461
2003 185.891 421.069 72.674 247.557 696.961 1.624.152
2004 344.222 273.383           - 538.408 664.167 1.820.180
2005 527.001 263.013 - 395.838 1 291.616 2.477.468
2006 550.975 462.904 - 313.499 193.113 1.520.491 
2007 832.726 296.790 - 357.089 156.669 1.643.274
2008 217.374 301.192 - 742.331 947.472 2.208.369
2009 288.615 285.655 - 177.554 558 714 1.310.538
2010 105.084 135.794 - 369.030 418 092 1.028.000
2011 125.382 314.384 - 125.297 875 406 1.440.469
2012 437.253 551.807 - 606.167 854.397 2.449.624
2013 394.957 398.421 - 595.124 204.160 1.592.662
2014 359.264 497.811 - 274.670 294.002 1.425.747 
2015 237.882 236.249 - 152.325 1.268.616 1.895.072
2016 196.463 350.167   543.037 277.276 1.366.943
2017 101.991 254.139   320.768 540.497 1.217.395
2018 1.150.103 423.219   268.943 978.120 2.820.385
2019 17.391 36.666   22.834 275.063 351.954 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun