Nafarroako Ostalarien Elkarteko 20 kidek baino gehiagok parte hartu dute INTIAk Sartagudan egin duen jardunaldian, eta produktu horien inguruko xehetasunak emateaz gain, berreskuratzeko egin diren lanak azaldu eta sukaldean eskaintzen dituzten aukerak aurkeztu nahi izan dizkie INTIAk ostalariei. Azalpenak emateaz gain, produktuen dastaketa ere egin dute ostalariek jardunaldian.
Hainbat produktu izan dituzte hizpide INTIAren saio honetan. Hala nola, baratzeko produktuen kasuan, ilarra, artoa, tomatea, baba, porrua, eskarola, pipermina eta arbiaz aritu dira; Nafarroako Pirinioetako patata eta sagarraren bertako barietateez ere solas egin dute; azienden kasuan, betizuen, Burgete eta Nafarroako Jaka zaldi eta behorren, sasi ardien eta euskal txerrien haragiaz aritu dira, baita Nafarroako ardoaz ere.