Solaslagunaren aurkezpen-meriendak eginen dituzte datozen egunetan

Ttipi-Ttapa 2019ko aza. 4a, 14:00
Solaslaguna egitasmoaren aurkezpen-meriendetako bat, joan den urtean.

Asteazkenean Beran, ortzegunean Donezteben eta hurrengo asteazkenean, azaroaren 13an, Elizondon

Azaroaren hasieran, Solaslaguna programaren aurkezpen-meriendak eginen dituzte Beran (azaroaren 6an, asteazkenean Beralandetan), Donezteben (azaroaren 7an, ortzegunean Malerrekako Mankomunitatean) eta Elizondon (azaroaren 13an, asteazkenean Arizkunenea kultur etxean). Aurkezpen-merienda guztiak 19:00etan izanen dira.

Baztango, Bortzirietako eta Malerrekako Solaslaguna  2007an sortu zen. Solaslaguna programan euskarazko mintzamena hobetu nahi duten hiztunak, txukun solastatzen direnekin elkartzen dira talde ttikietan (normalean launaka edo bosnaka), astean behin eta ordu betez.  Asteroko hitzorduaz gain, ikasturtean hainbat saio osagarri ere antolatzen dituzte, eta Solaslaguneko partaideak eta, oro har, euskaraz solastatzen den edonor joaten ahal da.

Solaslaguna bezalako programetan parte hartzen dutenek euskara maila hobetzeaz gain, gehiagotan erabiltzen dute eta ongi pasatzen dute, saioetan arront gustura egoten direla aitortzen dute.

Solaslaguna programan parte hartu nahi baduzu edo programari buruzko informazioa jaso, aukera polita izanen duzu aurkezpen-merienda horietan. Informazio gehiago 610 920673 telefonoan edo solaslaguna@topagunea.eus helbide elektronikoan edo http://solaslaguna.blogspot.com webgunean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun