Arnasguneak euskara biziberritzeko giltza

Ttipi-Ttapa 2019ko aza. 2a, 10:00
Hauek dira arnasguneen ezaugarriak.

Euskararen arnasguneetako herritarrek euskararen ongizatean duten garrantziaz jabetzeko 'Arnasa Gara' kanpaina abiatu dute Euskal Herrian. Arnasguneak diren 22 udalerritan ari dira kanpaina aurkezteko ekitaldiak egiten, horien artean, Lesakan, Leitzan eta Goizuetan

«Arnasguneetako herritarrak eredu dira euskararen normalizazioan. Euskaraz bizi den herria posible dela erakutsi dute, eta bizitzako esparru guztietan euskaraz egitea posible dela». Horri tiraka, eta 1991n Joshua Fishman soziolinguistak Reversing Language Shift liburuan nabarmendu zuen «hizkuntz baten biziraupenerako eta biziberritzerako arnasgune bat zeinen garrantzitsua den» ideiari eutsiz, Arnasa Gara kanpaina hasi dute Nafarroako Gobernuak, Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak, Eusko Jaurlaritzak, UEMAk eta Bizkaiko eta Gipuz- koako Aldundiek. Arnasgune diren herriak hizkuntza bizibe- rritzeko «funtsezkoak» direla diote ekimenaren bultzatzaileek eta bide horretan, «arnasguneetako herritarrak ahaldundu» nahi dituzte, hau da, arnasguneetako biztanleak euskararen ongizatean duten garrantziaz jabetzea nahi dute.

2018an abiatu zuten kanpaina Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta UEMAk. Euskal Herriko zortzi herritan, tartean Goizuetan eta Elizondon, ikerketa kualitatibo bat egin zuten, herritarrekin errealitatea ezagutzeko saioak antolatu zituzten eta herrietako esperientziak kontuan hartuz, kanpaina diseinatu zuten. Hainbat ondorio atera zituzten: arnasguneetan naturaltasunez euskaraz bizi daitekeela, herritarrek erabileran gainbehera sumatzen dutela, lantokietan gaztelerak presentzia altua duela, lagunartean erdaldunen bat badago gaztelerara salto egiten dutela, haurrek gero eta gehiago egiten dutela gazteleraz, gero eta ohikoagoak direla solasaldi elebidunak...

 

Bi fase

Hasierako pauso horren ondorioa da Arnasa Gara kanpaina eta bi fase izanen ditu. Lehenbizikoan, Euskal Herriko 22 udalerritan kanpaina aurkeztuko dute eta ekitaldi horietan, bertzeak bertze, kanpainarako espresuki ekoitzi duten eta arnasguneetako sei herritar protagonista dituen Kartzela serie digitalaren lehenbiziko bi atalak ikusteko aukera izanen da.  Durangoko Azokan bukatuko da lehenbiziko fasea, Kartzela serie digitalaren aurkezpenarekin. Bigarren fasean, abenduaren erdialdetik aitzinera, Euskal Herri osora hedatuko dute arnasguneetan zabaldutako mezua, bait web-seriea ere.

 

Aurkezpenak

Lesaka, Leitza eta Goizueta dira kanpaina aurkezteko auke- ratu dituzten herrietako hiru. Lesakan urriaren 26an egin zuten, Leitzan azaroaren 16an eginen dute eta Goizuetan azaroaren 23an. «Ekitaldi atseginak eta arinak» izanen direla iragarri du Dabid Anaut Peña Arano, Areso, Goizueta eta Leitzako Euskara Zerbitzuko teknikariak. Bere irudiko,  ekimen «interesgarria eta zentzu handikoa» da: «gure herrietan euskarak arnasa hartzen du, eta hori azaldu eta zabaltzea garrantzitsua eta beharrezkoa da». Bide beretik jo du Mattane Rodriguez Etxabide Lesakako euskara zinegotziak: «euskararen erabilera eta normalizazioaren bidean egiten diren ekimen guztiak bezala, Arnasa Gara kanpaina interesgarria eta aberasgarria da».

 

Arnasgune izateko 'koxka'

Etxeko errealitateari erreparatuz, «Lesakak arnasgune izateko ezaugarriak» dituela uste du Rodriguezek, «euskarak belaunaldiz belaunaldi sendo iraun du, hainbat arlotan nagusiki erabiltzen den hizkuntza da». Hori «berri pozgarria» bada ere, «ahulgune nabarmenak» badirela aitortu du eta «arnasgune izateko koxka bat» falta dela sumatzen du: «arlo batzuetan, hala nola, lan arloan edo helduen artean, ezin erran solasaldi guztiak edo ia guztiak euskaraz direnik. Bereziki helduen artean ezagutza eta erabilera nabarmen baxuagoa da». Alde horretatik, «zer egina» badutela dio. «Euskaraz beti edo ia beti aritzeak kokatuko gaitu bete-betean arnasgunean. Lesakan badugu lortzeko aukera eta horretarako aktibatu behar dugu».

 

Herritik kanpoko zuloak

Leitza eta Goizueta, berriz, «zorionez, euskarari indar eta bizitasun handiz eutsi dioten bi herri» direla nabarmendu du Anautek: «Euskal Herriko eta Nafarroako inguru euskaldunenetakoa da gurea eta hemen neurri handi samar batean euskaraz bizi daiteke». Bi herrietan «euskarak bereganatuak dituen espazioak asko eta esanguratsuak» direla gaineratu du. Hala ere, «zulo handiak» antzeman ditu, «ez baikara burbuila batean bizi». Adibide gisa, «hedabide orokorrak, sare sozialak, herritik kanpora gelditzen zaizkigun administrazioak, zerbitzuak eta aisialdiak» aipatu ditu: «erdarak baditu sarbide indartsuak eta eragin handikoak, hori ezin da ukatu». Hortaz, «irabazitako asko dago, baina irabazteko dezente ere bai», aipatu du.

 

«Beti Euskaraz egiteak kokatuko gaitu bete-betean arnasgunean»

«Udalerri euskaldunak erdaldunagoen eredu gara»

Mattane Rodriguez, Lesaka

 

Euskalkiarekiko estimua

Bertako euskalkiaren harira, lesakarrek euren euskalkia «estimatzen» dutela uste du zinegotziak: «bortziritarrak eta zehazki lesakarrak garen seinale da, identitate ikur». Edozein moduz, «hainbat hitz eta adiera galtzen ari direla» ohartarazi du, «batez ere haur eta gazteen artean. Hiztegia pobretzen ari da, eta hori Euskal Herri osoan gertatzen ari da».

Teknikariak ere euskalkiarekiko «jarrera positiboa» nabaritzen du leitzarren eta goizuetarren artean, baita «harrotasun sentimendua» ere. Baina «bertako hizkerak asko eta azkar aldatzen» ari direnez, «hizkerak duen aberastasuna galtzen ez uztea erronka» izan daitekeela dio, «bertakoari eutsi eta euskara batuari ere hori eman, bertako hizkera eta euskara batua osagarri eginez».

«Gure herrietan euskarak arnasa hartzen du»

«Euskara bizi-bizirik dagoen herriak behar ditu euskarak»

Dabid Anaut, Leitza eta Goizueta

 

Bertzeen eredu

Anauten irudiko, arnasguneen «berezitasun handiena neurri batean euskaraz bizitzeko aukera» ematen dutela da. «Hori hemendik kanpo herritar askok duten ametsa da». Bere hitzetan, ordea, «ziur asko jendea ez da behar beste jakitun arnasgune batean bizitzeak euskarari nolako ekarpena egiten dion». Argi du «euskara nagusi izanen den espazioak behar dituela euskarak: ez da nahikoa hizkuntzaren etorkizuna bermatzeko euskara bizirik dagoen herriak egotea, baina euskarak ezinbestean behar ditu halako guneak, biziko bada». Rodriguezek herritarrak arnasguneen garrantziaz «kontzientziatzea beharrezkoa» ikusten du, «udalerri euskaldunak eta bertako herritarrak euskararentzat ezinbertzekoak gara; inguru erdaldunagoentzat eredu».

Anautek dioen bezala, «erlaxatzeko aukerarik ez» dagoenez, kanpainarekin bat egiteko deia egin diete zinegotziak eta teknikariak herritarrei. «Arnasa Gara euskararen normalizazioan eta biziberritzean lagunduko duen urratsa izanen da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun