Iñaki Zozaiak eta Lesakako Xabier Anduezak irabazi zuten Garesko rallya

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 30a, 19:00
Garesko rallyko sailkapen orokorreko podioa.

Malerreka eta Callaghango rallyen faltan, aski estu gelditu da sailkapen orokorra

Iñaki Zozaia auto gidaria eta Lesakako Xabier Andueza kopilotoa, Porsche 911 GT3 autoa gidatuz, irabazle suertatu ziren urriaren 19an Garesen egindako rallyan. 6 klasean ere garaile izan zen. Sailkapen orokorreko bigarren postua, Mitsubishi Lancer Evo X autoa gidatu zuten Joseba Beola etxalartarrak eta Joxelu Iratzoki igantziarrak eskuratu zuten eta hirugarren postua, Arkaitz Ordokik eta Iker Lopezek eskuratu zuten (Citroen DS3 R3T).

Aipatzekoa da 4 klasean lehenbiziko postua lortu zutela Joxe Mari Mikelperizena eta Joseba Mariezkurrena beratarrek (Renault Clio Cup) eta 10 klasean ere lehenbizikoak izan ziren Iker Sein eta Miren Maia lesakarra (BMW 325 E30).

 

Sailkapen orokorra estu

Gisa honetara, Malerrekako eta Callaghango rallyen faltan, Nafarroako asfalto gaineko rallyen pilotoen sailkapen buruan jarri da Iñaki Zozaia 558 punturekin eta bigarren da Joseba Beola 555 punturekin. Kopilotoen artena, Joxelu Iratzoki igantziarra dago buruan 555 punturekin eta bigarren da Xabier Andueza lesakarra, 532 puntu eta erdirekin.

Formula librean, kopilotoen artean bigarren da Miren Maia lesakarra (187,5 puntu) eta hirugarren Miguel Elizalde lesakarra (135 puntu).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun