Santu Guztien Eguna: Nondik heldu da hildakoei loreak eskaintzeko ohitura?

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 30a, 08:30
Eskualdeko hargintza enpresak ere buru-belarri ari dira lanean Santu Guztien Egunari begira.

Azaroak lehen pausoa ematearekin bat, usain gozoz eta kolorez jantziko dira eskualdeko hilerriak. Inork gutxik daki zein den hildakoei loreak eramateko ohituraren jatorri zehatza, baina, etxekoak, gehienetan emakumezkoak, hori egiten ikusi eta ondorengoek ere mantendu duten usadioa da. Ordu batzuetan urte osoan adina jendek eginen du joan-etorria hilerrira. Lehenbizi etxekoen eta lagunen hilarriari bisita; ondotik, gainerakoei begirada, bai baitago zer ikusia.

Landareak: babesa eta hildakoari eskaintza

Hainbat adituk errana da, landareak betidanik babes elementu gisa erabili izan direla. Cro-Magnon garaian, pertsona bat lurperatzean landareak jarri ohi ziren ehortz-lekuaren gainean. Milaka urte geroago, hildakoak eliza barnean lurperatzen  hasi zirenean, loreak ez, kandelak eta ogia eraman ohi ziren jarlekura, huraxe baitzen benetako hilerria. Urteko egun batekoa baino, elizako ospakizun guztietako eskaintza.

 

Ohiturak eraberrituz

Gerora, hori transformatu eta loreek hartu dute ogiaren eta argiaren tokia. Lore-eskaintza hildakoa gogoan izateko modua bihurtu da; aldamenetik joandakoari eskaintzen zaion maitasun keinua. Horren erakusle da, lore-eskaintza hori hilerrietatik kanpo ere egitea: hilobiratu ordez, hildakoa erraustea erabakitzen dutenak geroz eta gehiago direnez, lore-sorta hauek errautsak banatutako tokira eramateko ohitura zabaltzen ari da.

 

Lore bakoitzeko maitasun keinu bat

Atzean gelditu dira jendeak etxean zaindutako krisantemo edo urreliliak, kanposantu-lore izenaz ezagutzen direnak, hilerrietara eramaten zituzten garaiak. Egun, txikiagoak ala handiagoak jendeak loreak erosten ditu egun honetarako. Horren ondorioz, loradendetan eta haztegietan, egun bakarrerako, urteko bertze sasoi batean asteetan egiten duten lana egin behar izaten dute. Mota guztietako eskariak izaten dituzte eta guztiei erantzuteko milaka lore eduki behar dituzte prest; bezero bakoitzaren nahietara ahalik eta hobekien egokitzeko.

 

Huts egiten ez duten klasikoak

Krabelinak, krisantemoak eta urreliliak izaten dira gehien saltzen direnak, batez ere zuri-gorriak. Udazkenean loratzen diren lore dotoreak dira eta denbora dezentean fresko mantentzen dira. Horiekin batera, arrosak eta margaritak ere aunitzek aukeratzen dituzte, lore-sorta benetan ederrak osatuz.

 

Aukera berriak

Ez dira aukera bakarra, azken urteetan geroz eta gehiago ari dira eta zabaltzen lore-sorta pertsonalizatuak. Gure gustuak, hildakoarenak edo lore eta koloreen esanahiak kontuan hartuta lorezainek konposizio bereziak osatzen dituzte; benetako maisulanak. Hori dela eta, urtetik urtera kolore deigarriagoak erabiltzen dituzte: morea, fuksia, arrosa, horia.. Lore-sorta klasiko edo berritzaileenei elementu berderen bat gehitzea ere gomendatzen dute, konposizioak itxura osatuagoa lortzeko: hostoak, iratzeak, kamelia adarrak...

 

Mahai-inguruko kontuak gozatzeko

Azaroaren 1a, familia edo lagunekin mahaiaren bueltan biltzeko eguna ere izaten da. Hilerrira egin beharreko bisita aitzakiatzat hartuta, jaioterrira bueltan joateko edo familiako bazkariak antolatzeko baliatzen du jende aunitzek eguna. Eta zer litzateke ospakizun bat mokadu goxorik gabe? Santu Guztien Egunak baditu ospakizun honekin zuzenean lotzen ditugun gozoak. Nork ez ditu dastatu santu-hezur edota haize kruxpetak? Zenbait gozotegitan urte osoan zehar eskaintzen dituzten arren, batez ere, egun hauen bueltan erosten dira. Eskualdeko gozotegietan eskaintza zabala izaten da: krema, txokolate edo esne-gainez betetako haize-kruxpetak; marmelada, txokolate edo aingeru-adatsez betetako santu-hezurrak... Gustukoenak aukeratu edota zabaldu ahoa zapore berriei. Kosk egin eta gozatu!

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun