Gure eskualdetik ere hainbat txirrindularik parte hartu dute Altsasuko gazteak aske uztea eskatzeko bizikleta martxan

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 27a, 11:30

Goizean goiz, Altsasutik Iruñerako bidea hartu zuten hainbat lagunek. Altsasun, Urdiainen, Bakaikun, Etxarri Aranatzen, Lakuntzan, Uharte Arakilen, Hiriberrin, Irurtzunen eta Berriozarren egin zituzten geldialdiak eta, Berriozarren bazkaldu ondotik, arratsaldean, Iruñerat joan ziren mobilizazioan parte hartzera.

Auzitegi Nazionaleko epaiaren «bidegabekeria» salatzeko, gure eskualdetik ere hainbertze lagun bizikletan joan ziren atzo Altsasutik Iruñera, Duintasunaren Martxan, eta, ondotik, Nafarroako Justizia Auzitegiaren aitzinean protesta egin zuten bertze milaka pertsonekin batera. Auzia auzitegi horretan epaitu behar izan zuela salatu zuten, eta ez Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta «justizia eta demokrazia» eskatu zituzten.

Goizean goiz, Altsasutik Iruñerako bidea hartu zuten 150 bat lagunek, bizikleta gainean. Zortzi herritan egin zituzten geldialdiak —Altsasun, Urdiainen, Bakaikun, Etxarri Aranatzen, Lakuntzan, Uharte Arakilen, Hiriberrin, Irurtzunen eta Berriozarren—, eta horietako bakoitzean zigortutako zortzi gazteetako bakoitzaren izena eta irudia zuen kartel bat hartu zuten, Iruñera eramateko.

Eguerdian, Berriozarren gelditu zen martxa. Han, Raul Maiza alkateak agurtu zituen: «Zuekin gaude; zuen borroka gurea da». Ondotik, boluntarioek prestatutako janaria bazkaldu zuten, eta Iruñerantz abiatu ziren.

Antolatzaileek jakinarazi zutenez, 52.000 lagun inguru bildu ziren mobilizazioan. Eskertu zuten erantzuna: «Beste behin, gure aurreikuspenak gainditu dituzue».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun