Aseguru-poliza sinatu aitzinetik baldintzak ongi ezagutzearen garrantziaz ohartarazi du Iratxe kontsumitzaileen elkarteak

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 26a, 09:00

Aseguruek estaltzen dutenaren inguruan ezjakintasun handia dagoela adierazi du kontsumitzaileen elkarteak ohar bidez: «CIES etxeak egindako ikerketa baten arabera, lautik batek, %24k, ez du estalduraren berririk, baina Iratxen, gure esperientzian oinarrituta, portzentajea handiagoa izan daitekeela uste dugu». Gazteak dira kontratatua duten aseguru-estalduraren inguruan guttien dakitenak: «gazteen %48k ezagutzen du aseguru-poliza, eta orokorrean, batazbertzekoa %71ekoa da». Herriz herri, Iratxeren arabera, 5.000 biztanletik beheitiko herrietan bizi direnek eta Iruñerritik kanpokoek gehiago dakite gaiaren inguruan.

Ezbehar bat gertatzen denean, aseguru-polizaren edukiak adierazten du aseguru-etxea ezbeharraz arduratuko den ala ez eta zein neurritaraino eginen duen. Iratxeren hitzetan, «polizaren baldintzak ezagutzea garrantzitsua den arren, aunitzetan kontsumitzaileek irakurri gabe sinatzen dute, aseguru-etxeko langilearekin duen konfidantzan oinarrituz edo prezioari bakarrik begiratuz». Gaineratu duenez, «aunitz dira ezbehar bat izan eta aseguru-etxearen aldetik espero bezalako erantzunik jaso ez eta Iratxera etortzen direnak». Horietako kasu batzuk aipatu ditu:

Kalte estetikoak

Hezetasuna tarteko komuneko paretaren edo egongelako parketaren zati bat hondatu zaien kontsumitzaile ugarik jo omen dute Iratxera: «obra egin zenetik urte batzuk pasatu badira, baliteke bere garaian erabili zen baldosa edo xafla bezalakorik ez izatea gaur egun. Aseguruak kaltetutako zatia soilik estaltzen badu, ez du dena aldatuko», ohartarazi du. Halakoetan, «kontsumitzaileak dena berdin utzi nahi badu, gainerakoa sakeletik ordaindu beharko du, eta gastua 2.000 euro artekoa izan daiteke».

Gaintentsioak etxetresna hondatzen duenean

Gaintentsioaren ondorioz, etxetresna konpondu ezin bada, «gerta liteke aseguruari parte eman eta honek etxetresna berria erosteko behar den dirua baino dezente guttiago eskaintzea. Poliza berrikusiz konturatu izan gara etxetresna elektrikoen kalteak 250 euro bitarte estaltzen dituztela».

Hoditeria berritzekotan 300 euro arteko gastua

Etxeko hoditerian ihesa izan zuen bikote bati gertatutakoa ere kontatu du kontsumitzaileen elkarteak: «hoditerian ihesa izan eta bainugela hondatu zitzaien. Iturginak eta igeltseroak konpondu zuten, baina trukean 540 euroko faktura aurkeztu zieten». Iratxeren hitzetan, «bikotea harrituta gelditu zen aseguruak 300 euro baino ez zituela ordaintzen ikusi zuenean».

Bi istripu izateagatik prima garestitu

Urteko prima %20 igo dieten kontsumitzaileen kasuak ere izan dituzte Iratxen. «Poliza aztertu ondotik konturatu izan gara urtebetean bi istripu izanez gero, prima garestitzeko eskubidea jasoa dagoela». Istripurik gertatzen ez denean prima merketzeko aukera badela ere oroitarazi du, «baina maiz aseguru-etxeek ez dute halakorik egiten, eta kontsumitzaileak ez du eskatzen ez dakielako».

Bidaia bertan behera uzteko aukerarik gabe

Bidaia bat egin aitzinetik, aunitz dira asegurua sinatzea erabakitzen dutenak, baina «zer eskaintzen dien jakin gabe», dio kontsumitzaileen elkarteak. «Normalean, ez dira prima garestiak izatean, baina maiz behar ez direnak dira». Adibide batzuk ere eman ditu: hegaldia gibelatu edo bidaia bertan behera gelditu zaien kontsumitzaleek «maiz» hurbiltzen omen dira Iratxera. «Guregana jo izan dutenean jakin dute kontratatua zuten aseguruak legeak babesten duena baino gutti gehiago eskaintzen diela». Bidaiekin lotuta, aireportuetan maletak galdu izan direnetan, «aseguruak estaldurak ezartzen duena baino guttiago ordaintzen duela» azaldu du Iratxek: «aseguru-etxeak aurkezten zaizkien fakturak baino ez ditu ordaintzen. Hortaz, estaldura 300 euro artekoa bada ere, kontsumitzaileak 100 euroko erosketen ordainagiriak bakarrik aurkezten baditu, hori izanen da aseguru-etxeak ordainduko duena».

Halako kasuak ikusita, aseguru-polizaren baldintzak sinatu aitzinetik zorrotz aztertzeko aholkatu du Iratxek, «sorpresa desatseginik ez izateko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun