Alazne Untxalo eta Irati Majuelok irabazi dute Bertsokabi Sariketa

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 25a, 18:00
Alazne Untxaxlo eta Irati Majuelo bertsotan.

Bertsokabi-Eugenio Arraiza Sariketako finala jokatu zen ortzegun arratsaldean Iruñean, eta 80 lagunen aitzinean hiru bikote aritu ziren bertsotan: Xabat Illarregi leitzarra eta Aitor Irastortza, Ekhiñe Zapiain beratarra eta Josu Sanjurjo lesakarra eta txapeldun izan ziren Alazne Untxalo iturendarra eta Irati Majuelo. Alaitz Rekondo Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakari Alaitz Rekondo lesakarrak jantzi zien txapela.

Kantu baten doinua baliatuz egindako agurrekin eman zioten bikoteek hasiera saioari. Ondotik, zortziko ttikian eta hamarreko ttikian aritu ziren denak, ofiziotan. Bertso probetarako tartea etorri zen gero; Illarregi eta Irastortza Nor da nor? jolasean aritu ziren, Illarregik, galdera bitartez, Irastortzak publikotik aukeratutako pertsona zein zen asmatu arte. Zapiain eta  Sanjurjo puntuka aritu ziren oina emanda, ahalik eta oin gehien erran nahian, poto egin arte. Untxalo eta Majuelo, azkenik, tabuan ibili ziren: pertsonaia asmatu nahian aritu zen Majuelo, baina Untxalok erantzunetan hainbat hitz ezin izan zituen erabili. Jolasen ondotik, bakarka aritu ziren Zapiain, Majuelo eta Illarregi eta gero, gaia emanda, puntuka bertze hiru bertsolariak: Irastortza, Sanjurjo eta Untxalo. Azkenik konplatan aritu ziren hiru bikoteak. Azken agurrekin saioa borobildu aitzinetik, publikoko bortz lagunek eta epaile gisa aritu ziren Joseba Beltza eta Nerea Bruñok Untxalo eta Majuelo izendatu zituzten txapeldun. Gai-jartzaile lanetan Maialen Belarra doneztebarra aritu zen.

Bertsokabi, bi urteren buruan

Nafarroako 18 bertsolari gazte aritu dira aurtengo sariketan kantari, bikoteka. Lau saio izan dira guztira, hiru kanporaketa eta finala, guztiak Iruñeko ostatu eta gune informaletan egin direnak. Gisa honetara, alde batetik, bertsolari gazteei plaza berriak eskaini nahi izan dizkie Nafarroako Bertsozale Elkarteak, eta bertzetik, Iruñeko publiko gaztea bertsozaletu eta bertso eskaintza zabaldu nahi izan du. Gisa berean, Eugenio Arraiza zenari gorazarre egiteko ere baliatu nahi izan dute sariketa.

Bi urtetik behin egiten da Bertsokabi Sariketa, Izeta Sariketarekin txandaka. Hala, bi urteren buruan bueltatuko da, 2021ean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun