Noranzko bakarreko bi tunel eraikiko dituzte Belaten eta Almandozen 2025erako

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 25a, 13:00

Hala jakinarazi du Bernardo Ziriza Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako kontseilariak. Tunel bat Belaten eraikiko dute eta bertzea Almandozen, bakoitza bi erreirekin. Europako araudira egokitzeko hartuko dituzte neurriak. Horrez gain, N-121-A errepidean hainbat lan egin nahi dituztela gaineratu du, hala nola, 2+1 errei-sistema bilakatu nahi dute eta bidegurutzeak moldatu eta sarbideak berrantolatzeko asmoa dute.

Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkuran azaldu ditu xehetasunak kontseilariak. Heldu den urteko aurrekontuetan Belateko eta Almandozko tuneletako lanen proiektua sartuko dute. Bi tunel eginen dituzte, bat Belaten eta bertze Almandozen, bakoitza bi erreirekin. Legedira egokitzeko eta segurtasuna handitzeko hartuko dituzte neurriak. Izan ere, Zirizak oroitarazi duenez, joan den apirilaren 29az geroztik, bi tunelek ez dute Europako araudia betetzen eta «arrisku handiko tunelak» dira, «aireztapen aldetik gabeziak dituztelako eta larrialdietako irteerarik ez dutelako». Belateko tunelak 3,6 puntuko arrisku maila omen du eta Almandozkoak 2,3 puntukoa; eta onartutako maila 1,5ekoa da. Bertzetik, Lurralde Kohesiorako Departamentuko iturriak aipatuz, Noticias egunkariak jakinarazi duenez, apiril hondarrean Nafarroako Gobernuak lau urteko luzapena eskatu zuen Belateko eta Almandozko tunelak indarrean dagoen araudira egokitzeko, baina Europatik oraindik ez omen du erantzunik jaso.  

Bide horretan erabaki du Nafarroako Gobernuak bi tunelak eraikitzea. Gaur egungo tunelen paraleloak izan omen dira, elkarren artean lotura dutenak. Tunel bakoitzak bi errei izanen ditu eta biak noranzko bakarrekoak izanen dira; oraingo tuneletako erreiak noranzko baterako eta eraikiko dituzte berriak bertze noranzkorako.

Tunelak egiteko 100.000 eurotik goitiko inbertsioa eginen du Nafarroako Gobernuak eta 2025erako eginak izatea espero du. Tarte horretan, «noizean behin» errepidea moztuko dutela iragarri du kontseilariak. 

Obrak N-121-A errepidean

N-121-A errepidean ere hainbat konponketa egiteko asmoa adierazi du Gobernuak. Hala nola, 2-1 errei-sistema ezarri nahi du eta horrekin batera, bidegurutzeak moldatu eta sarbideak berrantolatu nahi dituela adierazi du Ziriza kontseilariak.

Bertzalde, Noticias egunkariaren arabera, urriaren 1az geroztik, Belateko eta Almandozko tunelen artean dagoen radarra martxan dago. Hainbat aberia tarteko, 2018az geroztik maiz ez da aktibo egon, baina hilabete hasieratik lanean ari da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun