Arkupeak elkarteko Bazkideen Egunean 570 lagun bildu dira Gorraizen

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 25a, 07:15

Marrazki eta pintura, argazkilaritza eta literatura-lehiaketako sariak banatu zituzten

Arkupeak elkarteko 570 kide inguru bildu ziren atzo, urriaren 24an, Gorraizen ospatu zuten Bazkideen Egunean. 12:00etako meza entzun ondotik, momentu hunkigarriak bizi zituzten. 

Elkarteko presidenteak, Jose Luis Legarrak, elkartearen helburuak, lana, kezka... ekarri zituen gogora. Horrekin batera, Federico Moreno-Torroba eta Paco Pascual nabarmendu zituzten; lehendabizikoa, Nafarroako Koruen Federazioak emandako urrezko dominagatik; eta bigarrena,  literatura sailean bi sari irabazteagatik.

Lan sarituak
Berehala etorri ziren eguneko momentu inportanteenak. Alde batetik, marrazki eta pintura, argazkilaritza edo literatura lehiaketetako sari-banaketa egin zuten. 

Literatur lan irabazleak, euskaraz idatziriko narrazio zein poesia sailean, Legasako Pakita Mikelarena Sarratearenak ('Reparatzea' eta 'Bertsoak 2019') izan ziren. Batean zein bertzean, bigarren sariak hutsik gelditu ziren. Gazteleraz idatzitakoen artean, berriz, Oronoz-Mugairiko Blanca Bertiz Iriartek eskuratu zuen narrazio laburren saria ('¡¡¡ A veces una planta!!!'); bigarrena, berriz, Sunbillako Paco Pascual Barrenarentzat izan zen ('Cuatro amigas'). Poesian ere egile beren lanek irabazi zuten, '¡¡¡Cuando siento tu presencia...' (Bertizek idatzitakoa, 1. saritua) eta 'Tituluak Soneto a Arkupeak y Menudencias' (Pascualen lana, 2. saritua).

Argazki ederrena Margarita Mecorena izan zen ('Tiempo de leer y soñar') eta bigarren saria Blanca Bertizek irabazi zuen 'Belleza tímida' lanarekin. Marrazkilari eta margolarien artean, Lekarozko Blanca Jimenezen 'Bagorditik' eta Mila Esteban Rodriguezen 'Empieza el frío' lanek jaso zuten aitortza berezia.

Omenduak
Bestalde, aurten 100 urte egin dituen Asun Elizalde, 85 urte bete dituztenak, 60 urte eta 50 urte ezkondurik damatzaten bikoteak omendu zituzten. Oroigarri bana eman zitzaien, bertan zeuden familiako eta lagunen txalo zaparrada ederraz osaturik.

Bazkarian giro ederra
Besta guziak mahai inguruan bukatzen direnez, Gorraizko Gazteluan bildu ziren gero, bazkariaz gozatzeko. Oraindik, ilusioa, animoa eta ongi pasatzeko gogoa pil-pilean dutela erakutsi zuten bertze behin elkarteko kideek. Izan ere,  Joxe Angelen musikak girotutako dantzaldia motz egin zitzaien.

Egun borobila igaro ondoren, 19:00 aldera poz-pozik bueltatu ziren, berriro autobusez, bakoitza bere txokora. Datorren urtera arte!

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun