Sokatirako 600 eta 520 kiloko kategorietan txapelak erabakiko dira larunbatean

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 24a, 20:00

Joan den asteburuan hasi zen Nafarroako zortziko sokatira txapelketa. Gizonezkoek 600 kiloko kategorian eta emakumeek 520 kiloko kategorian lehenbiziko jardunaldia jokatu zuten eta bietan Lesakako Beti Gazteko tiralariak nagusitu ziren. Larunbat honetan Elizondoko Baztan pilotalekuan jokatuko dute kategoria horietako bigarren jardunaldia eta orduan banatuko dituzte txapelak.

Lehenbiziko jardunaldian tiraldi guztiak irabazi zituzten Lesakako taldeek. Gizasemeen artean, lesakarrek lau puntu eskuratu zituzten, Txantreak hiru, Berriozarrek bi eta Antsoainek bat. Emakumezkoetan, Beti Gaztek hiru puntu lortu zituen, Txantreak bi eta Antsoainek bat. Talde horiek Elizondon ariko dira larunbat honetan, 17:00etan hasiko den jaialdian.

600 eta 520 kiloko kategorietan sariak banatuta, azaroaren 2an Leitzan, txapelketa mistoko eta emakumeen 480 kiloko lehenbiziko jardunaldiak jokatuko dituzte eta azaroaren 9an Lesakan, bi kategoria horietako bigarren jardunaldiak jokatu eta txapelak banatuko dituzte. Bi kategoria horietan ere taldea aterako du Beti Gaztek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun