Berrikuntzekin dator udazkeneko Errigoraren kanpaina

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 27a, 12:00

Eskaerak asteazkenetik aitzinera egiten ahalko dira

Aurten hiru saski eskainiko dituzte: beltza (arrunta) 50 eurotan, berdea (ekologikoa) 60 eurotan eta zuria (berezia) 70 eurotan. Aitzineko aldietan bezala, bildutako diruaren %25a Nafarroa hegoaldeko euskalgintzarentzako izanen da.

Laster hasiko da Errigoraren udazkeneko kanpaina, Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka lelopean egiten dena. Bertze urte batez, Nafarroa hegoaldeko produktuz osatutako saskiak milaka etxetara banatuko dituzte, baina aurten berrikuntzekin datoz. Alde batetik, aurten, bi saski beharrean hiru eskainiko dituzte: beltza (arrunta) 50 eurotan, berdea (ekologikoa) 60 eurotan eta zuria (berezia) 70 eurotan. Horrez gain, online eskaera egiterakoan txartelarekin ordaintzeko aukera izanen da. Eskatzerako momentuan egiten ahalko da ordainketa, edo bertzela, eskaera egin eta saskia hartu aitzinetik epe bat utziko dute horretarako. Saskiak asteazkenetik aitzinera errigora.eus atarian eskatzen ahalko dira, baita eskualdean hainbat tokitan ere, azaroaren 20a bitarte. Eskaerak egiteko tokien informazio zehatza jaso ahala horren berri emanen du TTIPI-TTAPAk.

Bertzetik, ohi bezala, bildutako diruaren zati bat Nafarroa hegoaldeko AEKri, ikastolei eta Sortzeni laguntzeko izanen da. Aipatzekoa da Errigorari esker, 2013tik 2018ra ia 1.000.000 euro bideratu dituztela euskalgintzara. Baina aldi honetan ez da hori bakarrik. Aurtengo bertze berrikuntza Agerraldia izeneko ekimena da, euskara herriko plazetara eraman nahi duen ekimena eta horretarako ere bideratu nahi dute bildutako dirua. Nafarroa hegoaldean eta erdialdean euskalgintzaren eta euskaltzaleen beharrak asetzen laguntzeko eta indartzeko sortu dute Agerraldia, gisa horretara, euskararen ezagutza errazteko, erabilera sustatzeko, euskararen aldeko jarrerak bultzatzeko eta euskararen presentzia handitzeko. Hori lortzeko bidean, zonaldeko euskaldunak, euskaltzaleak eta eragileak saretu nahi dituzte. Oraingoz, saretzeari ekin diote eta udaberrian jardueren agenda martxan jarri nahi dute. 

Zozketa Ttipi-Txartela duten harpidedunen artean
Ohi bezala, TTIPI-TTAPAk bi saski zozketatuko ditu Ttipi-Txartela duten harpidedunen artean: beltza eta zuria. Ttipi-txarteldunak zuzenean sartuko dira zozketan. TTIPI-TTAPA sarituekin telefonoz jarriko da harremanetan eta Ttipi-Ttaparen bulegora etorri beharko dute saria jasotzera. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun