Nafarroa iparraldean airea gehien kutsatzen dutenen artean sartu dute Leitzako paper-lantegia

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 23a, 14:45

Ecologistas en Accion taldeak airearen kutsaduraren inguruko ikerketa bat egin berri du urtarriletik irailera bitarteko datuak kontuan hartuz eta Leitzako Torraspapel Nafarroan konposatu organiko lurrunkor (KOL) gehien isurtzen duen lantegia dela adierazi du. Horrez gain, Nafarroan herritarren ia erdiak aire kutsatua arnasten dutela jakinarazi du eta Nafarroako Gobernuaren aurka salaketa aurkezteko asmoa du.

Nafarroako kasuan, Nafarroako Gobernuak atmosferaren kutsadura kontrolatzeko dituen bederatzi estazioetako datuak kontuan hartuz egin du ikerketa Ecologistas en Accion taldeak. Horren arabera, Nafarroan aurten ozono kontzentrazioa «nabarmen» igo da, «batez ere Erriberan, eta neurri ttikiagoan baita Nafarroa erdialdean eta mendialdean ere». Irailera bitarteko egunak kontuan hartuz, estazio guztietan OMEk aholkatutako gehienezko kutsadura gainditu dute. Bederatzi gailu horietako bat Leitzan dago eta Leitzako estazioaren kasuan, aurten 34 egunetan gainditu dute muga –25 egunekoa da urtean onartutako kopurua– eta aipatu beharrekoa da, legalki, hiru urteko epean gehienez 75 egunetan gainditu daitekeela. Are larriagoak dira Euskal Herriko bertze hainbat tokitako datuak. Tuterako behategian, erraterako, 117 egunetan gainditu dute OMEk aholkatutako gehienezko kutsadura.

Ecologistas en Accion taldearen arabera, Leitzako estazioan aurten urtarriletik irailera 34 egunetan gainditu da OMEk aholkatutako gehienezko kutsadura eta, onartutako kopurua, urtean 25 egunekoa da.

Airea gehien kutsatzen dutenak zein diren ere jakinarazi du Ecologistas en Accion taldeak. Horren arabera, Nafarroa iparraldean «kutsaduraren ardatz garrantzitsuenak» hauek dira: Sakanako Cementos Portland, Leitzako Torraspapel paper-lantegia, Volkswagen, Iruñeko trafikoa eta Zubiriko Magenistas. Leitzako paper-lantegiaren kasuan, Nafarroan konposatu organiko lurrunkor (KOL) gehien isurtzen duen lantegia dela nabarmendu du. Nafarroan, Ebro aldeko zentral termikoak, AP-15 eta Ap-68 autobideak, Zangozako Smurfit, Acciona Energiaren biomasa zentrala eta Casedako Viscofan dira kutsaduraren bertze «fokoak».  Aipatu ardatz horiek sortzen duten kutsadura ozono moduan zabaltzen dela dio taldeak eta horrek «barneko eta landa eremuak kaltetzen dituela».

Ikerketaren arabera, Nafarroan herritarren %46k osasunerako kaltegarria den airea arnasten dute, hau da, ia 300.000 nafarrek. Egoera zein den ikusita, eta Nafarroako Gobernuaren aldetik airearen kalitatea hobetzeko eginiko eskaeren erantzunik jaso ez dutela eta, ingurumen erakundeak Gobernua epaitegietara eramateko asmoa duela adierazi du. Nafarroako Auzitegi Nagusian salaketa aurkeztuko du, «airearen kalitateari dagokionez agintariek legalki dituzten ardurak bete ditzaten eskatzeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun