Ortzegunean jokatuko da Bertsokabi Sariketako finala

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 22a, 17:00
Finalean ariko diren hiru bikoteak.

Txapelaren bila, hiru bikote ariko dira lehian: Xabat Illarregi leitzarra eta Aitor Irastortza, Ekhiñe Zapiain beratarra eta Josu Sanjurjo lesakarra, eta Alazne Untxalo iturendarra eta Irati Majuelo. 18:30ean hasiko da saioa Iruñeko Herriko Tabernan eta Maialen Belarra doneztebarra ariko da gai-jartzaile lanetan.

Bertsokabi-Eugenio Arraiza Sariketako hiru kanporaketak jokatu ondotik, finala bertzerik ez da falta sariketa borobiltzeko. Kanporaketa bakoitzean irabazle izan diren bikoteak ariko dira finalean kantari: Illarregi eta Irastortza, Zapiain eta Sanjurjo, eta Majuelo eta Untxalo. Maialen Belarra ariko da gai-jartzaile, eta publikoko bortz lagunekin batera, Joseba Beltza eta Nerea Bruñok eginen dituzte epaile lanak. Horiek guztiek erabakiko dute nork diren 2019ko sariketan txapeldun.

Orain arteko kanporaketekin alderatuz, aldaketa batzuk izanen ditu finalak. Bertsolari guztiak ofizioka ariko dira, zortziko ttikian zein hamarreko ttikian, eta bakarkako lanerako zein puntukako saiorako aukera ere izanen da. Kopletan ere ariko dira bikoteak, eta denek izanen dute bertso-jolas bat. Edozein moduz, Nafarroako Bertsozale Elkartetik adierazi dutenez, «ohiko saio eta saio informalaren arteko orekari eutsi nahi dio finalaren ariketa sortak».

2017an abiatu zuen Nafarroako Bertsozale Elkarteak Bertsokabi-Eugenio Arraiza Sariketa eta orduan Alazne Untxalo eta Egoitz Gorosterrazu iturendar bertsolariek jantzi zuten txapela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun