Euskararen dekretuaren aurkako azken epaiei erantzuteko elkarretaratzea eginen dute larunbatean Iruñean

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 18a, 09:30

Justizia, Berdintasuna, Kohesioa. Euskaraz bizi nahi dugulako lelopean Kontseiluak egin du deialdia. Hitzordua larunbat eguerdian eginen dute Nafarroako jauregiaren aitzinean.

Nafarroako administrazioan euskara arautzen duen 103/2017 foru dekretua aitzineko agintaldiko gobernuak onartu zuen, administrazioari zenbait betebehar ezarriz. Hala nola, eremu ez-euskaldunean eta mistoan euskara meritu gisa aintzat hartu behar zutela adostu zuten. Baina 2017ko dekretu horren kontra hainbat epai izan dira denbora ttikian.

Alde batetik, Juan Jose Lizarbe abokatuak —PSNko idazkari nagusi izandakoak— UGT eta SPA sindikatuen izenean, helegitea aurkeztu zuen,  dekretua bere osotasunean indargabetzeko edota eskari hori baztertuko balitz, legearen hainbat atal indargabetzeko eskatuz. Nafarroako Auzitegi Nagusiak baztertu egin zuen foru dekretua osorik indargabetzeko eskaria. Are gehiago, aurkeztutako arrazoiek izaera «politikoa» zutela adierazi zuen. Hala ere, auzitegiak zenbait puntu onartu zituen eta hala, ez da derrigorrezkoa izanen lanpostu publikoetarako deialdietan euskara meritu gisa aitortzea. Horrez gain, zerbitzu zentralen komunikazio guztiak elebidunak izanen direla adierazi zuen.

Handik guttira etorri zen Medikuen Sindikatuak eta Afapna eta Satse sindikatuek dekretuaren aurka jarritako helegitea. Auzitegiak sindikatuek dekretu osoa indargabetzeko egindako eskaria baztertu zuen arren, Auzitegiak eremu misto eta eta ez euskaldunetako lan deialdietan euskara meritu gisa hartzea ezin dela betebehar izan berretsi zuen.

«Jarrera ulertezina eta kezkagarria»

Epai horiei erantzuteko Kontseiluak elkarretaratzea deitu du larunbat honetarako Iruñean. 12:00etan egin dute hitzordua, Karlos III.aren etorbidean, Nafarroako Goernuaren aitzinean. Kontseiluaren arabera, «egun indarrean dagoen marko juridikoak, eta, bereziki Euskararen Legeak, ahalbidetu dituzte halako epaiak». Eta aldi berean, helegitea aurkeztu zuten eragileen jarrera «ulertezina» izan dela azpiamarratu du: «euskararen aldeko neurri guztiak jarri dituzte auzitan. Epaileek eurek ohartarazi diete ikuspegi juridikoaz haratago, ikuspegi eta arrazoinamendu politikoak erabili nahi izan dituztela. Izan ere, zein lotura dauka errotulazioa edo inprimakiak elebitan egoteak langileen eskubideekin? Hagitz kezkagarria da garai ilunetako euskara ez ikusteko balizko eskubidea berpiztu izana».

Kontuak kontu, Kontseiluak epaiek debekurik ez dutela ezartzen oroitarazi izan du eta, «ausardia» eskatu dio Gobernuari «bertze garai bateko hizkuntza-politika ilunetara ez itzultzeko». Bere hitzetan, «epaiak dioen bezala, ahal terminoaren alde positiboa ulertu behar dute instituzioek; hortaz, legeak ezarritako eremu mistoan eta ez euskaldunean neurriak hartzen segitzen ahal dute, langileen euskara-gaitasunak baloratzen zein euskararen erabilera orokortuan».

ELA, LAB, Steilas, ESK, Hiru, EHNE eta CGT sindikatuek ere larunbateko elkarretaratzearekin bat egin dute eta euskararen lege berria behar dela aldarrikatzeaz gain, Nafarroako Gobernuari euskararen dekretuaren aurkako epaiei helegitea jartzeko eskatu diote.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun