Ortzegun honetan jokatuko da Bertsokabi Sariketako hirugarren eta azken kanporaketa

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 16a, 16:00

Hirugarren bikote finalista erabakitzeko saioa izanen da

Hiru bikote ariko dira kantari: Alazne Untxalo iturendarra eta Irati Majuelo, Joanes Illarregi leitzarra eta Endika Legarra eta Etxahun Azkarraga etxalartarra eta Patxi Castillo beratarra.

Urriaren 3an eta 10ean jokatu ziren Bertsokabi-Eugenio Arraiza Sariketako lehenbiziko bi kanporaketak. Lehenbizikoan, Xabat Illarregi leitzarrak eta Aitor Irastortzak osatutako bikoteak lortu zuen finalerako txartela, eta bigarrenean, Ekhiñe Zapiain beratarrak eta Josu Sanjurjo lesakarrak. Bihar, ortzeguna, jokatuko den hirugarren eta azken kanporaketan erabakiko da zein izanen den finalean ariko den hirugarren bikotea.

Mendillorriko Antzara gune komunitarioan izanen da bertso-saioa, 19:00etan. Oholtza gainean, Alazne Untxalo iturendarra eta Irati Majuelo, Joanes Illarregi leitzarra eta Endika Legarra eta Etxahun Azkarraga etxalartarra eta Patxi Castillo beratarra ariko dira bertsotan. Itsaso Agirrek eginen ditu gai-jartzaile lanak, eta publikoarekin batera, Nerea Bruño eta Mikel Beaumont ariko dira epaile lanetan. Finala heldu den ortzegunean jokatuko da, urriak 24, Iruñeko Herriko Tabernan.

Guztira 16 eta 30 urte arteko hemezortzi bertsolari ari dira sariketan, bikoteka. Nafarroako bertsolari gazteei trebatzeko eta jende aitzinean kantatzeko aukera emateaz gain, Iruñerriko publikoa –bereziki gazteak– bertsozaletzeko xedea du sariketak, bertsoa hiriburuko eremu informaletara eramanez. Horrez gain, egitasmo horren bitartez, Eugenio Arraiza (Iruñea, 1936-2015) zenaren figurari gorazarre egin nahi dio Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Kulturgintzan eta euskalgintzaren alor ugaritan aritu zen Arraiza, tartean, Nafarroako Bertsozale Elkartearen fundatzaile eta lehendakariordea izan zen urteetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun