Aurreiritzi eta estigmen aurka denak bat izateko

G.PIKABEA 2019ko urr. 17a, 11:00
Duela 14 urte hasi zen Anfas elkartea eskualdeko haur eta gazteekin lanean.

0 eta 20 urte bitarteko 70 haur eta gaztek parte hartzen dute Anfas elkarteak Baztanen, Bortzirietan eta Malerrekan eskaintzen dituen programetan. Elizondon, Donezteben eta Lesakan ditu egoitzak eta urtetik urtera erabiltzaile kopurua goitzen ari da. Ate-irekien jardunaldia antolatu dute urriaren 22rako, Lesakan 11:00etan Koxkontako Bideko 7an duten egoitzan eta Elizondon 17:00etan Francisco Javier Iriarte 2ko egoitzan.

«Ziurgabetasuna, sorpresa, ezjakintasuna...» sentitu zituzten seme-alabek desgaitasunen bat izan zezaketela jakin zutenean, baina urteekin hasierako kezka horiek gainditu dituzte Ana Mari Bengotxea Lastiri urdazubiarrak, Angela Barrenetxe Olaizola gartzaindarrak, Idoia Apeztegia Zozaia beratarrak eta Mari Jose Iribarren Iribarren doneztebarrak. Horretan Anfas izan dute bidelagun, garapen eta adimen desgaitasunak dituztenen aldeko Nafarroako elkartea. 
1961ean sortua da Anfas, eta ibilbide luzea egin du geroztik Nafarroan. Baita eskualdean ere. Ia 14 urte dira Baztan-Bidasoaldean lanean hasi zela eta urteekin eskualdeko hainbat haur eta familiarentzako erreferentzia bilakatu da. Hori baieztatu  digute Iribarrenek, Apeztegiak, Barrenetxek eta Bengotxeak; «aitzinera egiteko» eta «kezkak argitzeko bitar- tekoak» eskaintzen dizkielako.  


Datuak ere erabiltzaileak zerbitzuarekin kontent dauden seinale dira. Gaur egun, Anfasek hiru egoitza ditu inguru honetan; Elizondon, Donezteben eta Lesakan, eta horietan 0 eta 20 urte bitarteko 70 haur eta gazte ibiltzen dira; «duela hamar urte 40 ume ziren», gaineratu du Maite Aranbillet Galzagorri Baztan-Bidasoaldeko Anfaseko arduradunak. «Urtetik urtera erabiltzaile kopurua handitu egin da eta hemendik goiti horrela segitu nahi dugu, gure zerbitzuen beharra duten guztiei arreta egokia eskainiz». Halere, non ari badutela onartu digu, ez baitira nahi adina zabalduak: «ikastetxeekin, gizarte-zerbitzuekin eta osasun zentroekin harremana sustatzea eta mantentzea da gure helburua». 

«Beharra dutenei arreta eskainiz segitu nahi dugu»
Maite aranbillet, anfas

Gainerakoan, gero eta zerbitzu gehiago eskaintzen dute Baztan-Bidasoaldean: «hasieran, 0-6 urte bitarteko haurrei eta horien familiei zuzendutako programa bakarrik eskaintzen genuen. Denborarekin eskaintza hedatu dugu, adin tarte zabalagoa hartuz». Gaur egun, haurren eta gazteen garapenerako programez gain, familientzako eta gizarteratzeko programak eskaintzen dituzte Baztanen, Bortzirietan eta Malerrekan. Eta guztiaren gibelean zazpi laguneko taldea dute: pedagogoa, logopeda, bi psikologo, igerilekuko arduraduna, hezkuntza bereziko irakaslea eta gizarte langilea. Baita boluntarioak ere: «hagitz garrantzitsuak dira. Gure kasuan, igerilekuko jarduera, adibidez, boluntarioei esker egiten dugu». 

Haurren eta gazteen garapena
0 eta 6 urte bitarteko haurren kasuan, arreta goiztiarreko programa eskaintzen dute, «urritasunak edo nahasteek sor ditzaketen ondorioak murriztu edota ezabatzeko», dio Aranbilletek. Aipatu behar da 0 eta 3 urtekoen zerbitzua Nafarroako Gobernuak kontzertatua izanik, debaldekoa dela.
Sei urtetik derrigorrezko hezkuntza bukatu arteko haur eta gazteen programaren barne, berriz, «gaitasun akademikoak, sozialak eta komunikatiboak» lantzen dituzte. Horrez gain, adimena eta gorputza lantzeko jolas eta kirol jarduerak egiten dituzte haur zein helduekin, tartean, igeriketa.

Familientzako programak
Familiei ere bitartekoak eskaintzen dizkiete. Hala nola, «familiako kideen gaitasunak hobetzeko eta harremanak sendotzeko oinarrizko formakuntza» bideratzen dute, «familiako bizikidetza aberasgarria, sortzailea eta osasuntsua izan dadin». Bertzetik, «babes emozionala eta esperientzia zein kexak elkarbanatzeko arnasgunea eskaintzen diegu», aipatu digute. Horrez gain, haur eta nerabeen garapenaren inguruko balorazioak egiteaz arduratzen dira: «txosten batean familientzako zein profesionalentzako orientabideak proposatzen ditugu eta banakako plana egiten dugu». 
Gaia zehatzetan sartuz, Autismoaren Espektroko Nahasmendua (AEN) dutenen familientzat eta horiekin lan egiten duten profesionalentzat eskolak antolatzen dituzte, alde teorikoa eta praktikoa landuz, «egunerokoan izan ditzaketen oztopoak azaldu eta horien aitzinean kontuan izateko estrategiak landu eta garatzeko». 

Sentsibilizatzearen garrantzia
Gizartea sentsibilizatzea da Anfasen bertze erronka nagusietako bat. Horretarako, «ikastetxeetan ikasleekin zein irakasleekin gaia lantzeko jarduerak antolatzen ditugu». Helburu bikoitza dute: «ikasleak eta irakasleak sentsibilizatzea eta adimen edo garapen desgaitasuna duen ikaslearen inklusioa sustatzea». Gisa berean, «udalek, erakundeek, elkarteek, ikastetxeek eta kolektiboek gizartea sentsibilizatzeko programaren inguruko informazioa eska dezakete jarduera zehatzak antolatzeko». 
Gaia sozializatzeko «bidean gauden arren, egiteko aunitz» dagoela azpimarratu du Aranbilletek. Oraindik ere «aurreiritzi aunitz» sumatzen ditu: «familiekiko, haurrekiko, garapen 'normalarekiko'...». Gizarteratzea eta inklusioa «denon ardura» delakoan dago, eta bere ustez, «begirada aldatzean dago koxka: haur eta gazte hauek, bertze haurrek eta gutako edozeinek bezala, gaitasunak eta zailtasunak dituzte. Zailtasunetatik harago, gaitasunei arreta jarri behar diegu, pertsona bere osotasunean eta bere inguruan ikusiz». 
Hori lortzeko lanean ari dira Anfasen, «bertzelako garapena duten haur eta gazteen inguruan dagoen estigma apurtzeko eta egoera normalizatzeko» lanean. Estigmak baztertzeko «malguak izatea» garrantzitsutzat jo du, eta «haurren eta gurasoen beharren arabera egokitu» behar dela gaineratu du. Aranbilleten irudiko, behin hori ulertutakoan, «benetako inklusioa lortzeko aukerak ezarriko ditugu eta edozein norbanako bezala, haur, gazte eta familia hauek eskualdean eta nahi duten arloetan garatzeko eskubideak lortuko ditugu». 

Idoia Apeztegia eskuinean eta Erika alaba erdian.

Zerbitzua eskualdean izatearen garrantzia
Erikaren –alaba– bitartez ezagutu zuen Idoia Apeztegiak (Bera) Anfas elkartea eta «oraingoz, logopedia eta estimulazio zerbitzua» erabiltzen dituzte. Elkarteko bazkidea ere bada eta beretzat hain lagungarri izan dela ikusita, egoera berean dauden gurasoei aholkatu die. Bere ustez, «hagitz garrantzitsua da gure eskualdean zerbitzu hauek izatea eta erabiltzea». 

Ana Mari Bengotxea Lastirik alabaren bitartez ezagutu du Anfas. 

Kezkak argitzeko bitartekoa
Eider –alaba– sortu zenetik Anfasen dabil Ana Mari Bengotxea (Urdazubi). «Kezkak argitzeko» lagungarri zaiola dio, eta «alabari bere ezintasunekin laguntzen» diotela. Gurasoekin egiten duten lana ere nabarmendu du: «aunitzetan ez dakigu nola jokatu eta erakutsi egiten digute». Hori bai, «zerbitzua etxetik hurbilago» izatea eskatu du, «aldiro bidean ordubete egin behar dugu».  

Angela Barrenetxe bi semeekin joaten da Anfasera.

Haurraren beharren  arabera egokitutako  laguntza
Angela Barrenetxe gartzaindarrak adierazi digunez, Anfasek «aunitz gauzetan» lagundu dio, «haurren egoeraren arabera egokituta, laguntzeko bitartekoak dituzte». Eta bere irudiko, «medioak izatea da garrantzitsuena». Anfasek eskaintzen dituen zerbitzuez baliatzen da bi semeekin eta «aita eta ama guztiei» edozein zalantza dela ere, Anfasera joateko deia egin die: «nola landu aholkatuko dizuete».

Andrea Mindegia Iribarren.

Laguntza eta babesa
Andrea –alaba– ttikia zenetik Anfasekin ibilia da Mari Jose Iribarren (Doneztebe), «lehenbizian Iruñera joan behar izaten genuen eta gero zerbitzua eskualdean jarri zuten». Hasieratik «informazioa, laguntza eta babesa» eskaini dizkio, eta bere hitzetan, «izugarri lagungarria da egoera berean daudenekin partekatzeko aukera izatea eta aholkularitza eskaintzen duen gunea eta profesionalak eskura izatea»

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun