Emakumeen lehen 5Kirol txapelketa jokatuko dute urriaren 19an Iruñean

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 16a, 12:00

Emakumeen 5kirol txapelketan ariko diren emakumeak: Irati Astondoa, Maika Ariztegi, Karmele Gisasola 'Zelai III.a' eta Virginia Finol.

Maika Ariztegi eta Virginia Finol nafarrak, Astondoa eta Zelai III.a bizkaitarren kontra ariko dira Takoneran, larunbatean 17:00etan hasita

 

Bortz herri-kirol modalitate bilduz, lehen aldiz emakumeen 5Kirol txapelketa jokatuko dute urriaren 19an, larunbatean 17:00etan hasita Iruñeko Takonera parkean, Eroskiren 50. Urteurreneko ekitaldien baitan. Iturengo Maika Ariztegi eta Iruñeko Virginia Finol nafarrak, Irati Astondoa eta Karmele Gisasola Zelai III.a bizkaitarren kontra ariko dira. Sarrera doan izanen da.

5Kirol

Proba hasteko, harrijasotzaile lanean ariko diren Finol eta Zelai III.ak 45na aldiz altxatu beharko dute 62 kilo eta erdiko harri borobila, hamabortz minutuko hiru serietan banatuak. Harri-jasotzaileen serie eta serie artean, aizkolari lanak eginen dituzten Ariztegik eta Astondoak metro bateko sei enbor moztu beharko dituzte, bina serie bakoitzeko. Bertze hiru probetan txandaka ariko dira kirolariak: 25na kiloko txingekin hamar plaza egin beharko dituzte txanda librean, 10 kiloko ingudeari ehun altxaldi eman beharko dizkiote txanda librean eta, azkenik, arpanarekin sei epai egin beharko dizkiote metro bateko enborrari.

 

Lau emakume kirolari

Maika Ariztegi iturendarrak asteartean Iruñean egindako aurkezpenean adierazi zuenez, «uda osoa daramagu entrenatzen eta ongi eginen dugu». Virginia Finolek, bere aldetik, aipatu du ez dela bakarrik erakustaldietan prestatzen, «gimnasiora ere joaten naiz eta cross fit egiten dut, 5Kirolen antzekoa da».

Bizkaitarrei dagokienez, Karmele Gisasolak, Zelai I.a harri-jasotzaile handiaren alabak erran zuen erne ikusi zuela gizonezkoen 5Kirol txapelketa eta «badakigu zer egin zuten Aitzol Atutxak eta Inhar Urruzunok irabazteko». Hori bai, ez zuen bikotean lana nola banatuko zuten aurreratu, «hemen ditugu arerioak eta ez diegu pistarik eman nahi».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun