'Erreferenduma ez da delitua' lelopean kontzentrazioak deitu ditu Gure Esku Dagok Elizondon, Leitzan eta Lesakan

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 14a, 13:35

Kataluniako politikarien aurkako epaia salatzeko elkarretaratzeak eginen dituzte gaur arratsaldean. Elizondon Foruen plazan egin dute hitzordua, Leitzan Lopeneko biribilgunean eta Lesakan plaza zaharrean. Elizondon eta Lesakan 19:00etan izanen da eta Leitzan 19:30ean.

Espainiako Auzitegi Gorenak 9 eta 13 urte bitarteko espetxe zigorrak ezarri dizkie Kataluniako 2017ko urriaren 1eko erreferendumagatik epaitu dituen bederatzi buruzagi independentistari. Behin-behinean espetxean zeudenak dira kartzelara zigortu dituenak. Bertze hiru, berriz, desobedientziagatik zigortu dituzte, eta, beraz, ez dira espetxera joanen.

Hauek dira zigortuak: Oriol Junqueras (13 urteko espetxe zigorra eta 13 urteko inhabilitazioa), Raul Romeva (12 urteko zigorra eta 12 urteko inhabilitazioa), Joaquin Forn (10 urte eta erdiko zigorra eta 12 urteko inhabilitazioa), Jordi Turull (12 urteko zigorra eta 12 urteko inhabilitazioa), Josep Rull (10 urte eta erdiko zigorra eta 10 urte eta erdiko inhabilitazioa), Dolors Bassa (12 urteko zigorra eta 12 urteko inhabilitazioa), Carme Forcadell (11 urte eta erdiko zigorra eta 11 urte eta erdiko inhabilitazioa), Jordi Sanchez (9 urteko zigorra eta 9 urteko inhabilitazioa) eta Jordi Cuixart (9 urteko zigorra eta 9 urteko inhabilitazioa).

Desobedientziagatik zigortu dituztenak Santi Vila, Carles Mundo eta Meritxell Borras  dira. Hiru horiei 60.000 euroko isun ekonomikoa eta urtebete eta zortzi hilabeteko inhabilitazioa ezarri diete.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun