A-15 autobidea itxiko dute bi noranzkoetan ostiral gauean

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 10a, 13:52

San-Lorentzo tunelean egin behar dituzten egokitzapen-lanak tarteko, autobidea itxita egonen da bi norazkoetan. Ostiral iluntzean, 20:00etan, itxiko dute eta larunbatean 08:00 arte ez dute zabalduko.

Andoaingo bidean, Berastegiko irteeran itxiko dute autobidea eta Iruñeko bidean, berriz, Sorabillako loturan, Andoaingo irteeran. Nafarroa eta Gipuzkoa arteko lotura egiteko, GI-2130 errepidea erabili beharko dute gidariek.

Andoaineko bidean doazen ibilgailuek Berastegiko irteeran atera eta GI-2130 errepidean barna, Elduaiendik, Berrobitik eta Ibarratik pasaz Tolosaraino joan beharko dute, eta han N-1 errepidean sartu. 

Iruñeko noranzkoan doazenek, Sorabillako lotura itxita egonen denez, N1 errepidean barna Gasteizko noranzkoan segi, Tolosako irteeran atera eta GI-2130 errepide hartu beharko dute. Berastegi parean izanen dute atzera A-15era sartzeko aukera.

Ibilgailu astunei, N1 errepidean Altsasuraino joatea gomendatu diete, handik A10 errepidea (Sakanako autobidea) hartuta Irurtzunera joateko. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun