Baztan-Bidasoko 27. ehiza jardunaldi gastronomikoak abian dira

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 9a, 18:00
Bertizko lorategiko beiratearen aitzinean egin dute jardunaldien aurkezpena asteazken eguerdian.

Zortzi jatetxek eta ostatu batek parte hartuko dute urriaren 11tik abenduaren 1a arte eta argazki lehiaketa ere eginen dute

 

Baztan-Bidasoa Turismoak antolatzen dituen ehiza jardunaldi gastronomikoak urriaren 11tik abenduaren 1era eginen dira. Eskualdeko zortzi jatetxek eta ostatu batek parte hartuko dute 27. edizioa beteko duten jardunaldietan. Baztan-Bidasoko Ehiza Jardunaldiak Baztan-Bidasoa Turismoak antolatu ditu, Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin, Pirineos Exdim, Bodegas Inurrieta, Berako Errotazar Artisau Produktuak eta Baztango Ehiza eta Arrantza Elkartearen babesarekin. Urriaren 9an, asteazken eguerdian Bertizko lorategiko beiratearen aitzinean egin den auzkezpenean, Bertan parte hartu dute Ruben Garate Baztan-Bidasoa Turismoa Elkarteko jatetxeetako ordezkari eta Olari jatetxeko sukaldariak, Belen Urrutia Elbeteko Posadako sukaldariak, Carlos Lizeaga eta Javier Villanueva Pirineos Exdimeko ordezkariak, Juan Antonio Prieto Irazoki Errotazar Artisau Produktuetako ordezkariak eta Ana Altzuri Baztango Ehiza eta Arrantza Elkarteko presidenteak.

Iaz bezala, Ehizatu pintxoa ekimena martxan jarri da, Inurrietako ardotegiaren babesarekin. Ehiza pintxoa eta Inurrieta ardoa lau euroren truke eskainiko dute Arantzako Burlada jatetxean, Iruritako Olari jatetxean, Elbeteko Posadan eta Elizondoko Futbolin ostatuan.

Jatetxeei dagokionez, 8 dira aurten ehiza menuak eskainiko dituztenak: Bortzirietan, Arantzako Aterpeak eta Burlada jatetxeak eta Etxalarko Herriko Ostatuak. Malerrekan, Donamariako Bentak; eta Baztanen, Arizkungo Ordoki erretegiak, Elbeteko Posadak, Iruritako Olarik eta OronozMugairiko Urgain jatetxeak.

Baztan-Bidasoa Turismoak kartel bat eta jatetxe guztiak biltzen dituen eskuorri bat argitaratu ditu, www.baztan-bidasoa.com webgunean eta sare sozialetan ere ikusgai daudenak. Material grafikoko irudia iazko argazki sariduna da, Basurde azpizuna gaztainekin eta reineta saltsarekin, Javier Salaverriak iaz Elbeteko Posadan ateratakoa.

 

#comecaza argazki lehiaketa

Ehiza Jardunaldiko V. argazki lehiaketa antolatu dute. Parte hartu nahi duenak jatetxe horietakoren batera hurbildu, menua eskatu eta dastatuko duen platerei argazkiak atera eta info@baztan-bidasoa.com helbidera bidali beharko du azaroaren 11 baino lehen. Irabazleak Baztan-Bidasoko jatetxeren batean bi pertsonentzako bazkaria dastatzeko aukera izanen du eta argazkia heldu den urteko jardunaldien irudia izanen da. Aurten, gainera, #comecaza traolarekin argazki guztiak elkarbanatzeko gonbitea egin du Baztan-Bidasoa Turismoak.

 

Hegaztien jardunaldiekin bat asteburu honetan

Aurten gainera, Baztango Ehiza eta Arrantza Elkartearekin elkarlanean, Jardunaldi Gastronomikoek eta Hegaztien Jardunaldiek bat eginen dute. Urriaren 11n, hegaztien migrazioari buruzko solasaldia eginen dute Arizkunenean, ortziralean 19:00etan. Biharamunean, larunbatean 09:00etan hegazti-eraztunketa antolatu dute Lekarozko kanpusean (ASPACEn aterpean). Euria eginez gero, habia kutxak montatu eta zuhaitzetan paratuko dira, ondotik hameketakoa eginen da. Bi ekintzak Alberto Lizarraga Senar ornitologoaren gidaritzapean eginen dira. Doakoak eta denentzat irekiak izanen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun