Cederna Garalur elkarteak 'Nafarroako Mendialdea - LGP, 2014-2020' programako landa garapenerako proiektuen laugarren deialdia ireki du

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 7a, 20:00

Uraren Ibilbidea izan da diruz lagundutako landa grapenerako proiektuetako bat.

Nafarroako Gobernuak eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) batera finantzatutako deialdia zabalik egonen da azaroaren 25era arte

 

'Nafarroako Mendialdea - LGP, 2014-2020' programako toki-garapenerako proiektuen oinarri arautzaileak eman dira argitara Nafarroako Aldizkari Ofizialean urriaren 7an. Deialdi berri honek 647.181,86 euro izanen ditu, eta 2019ko azaroaren 25era arte egonen da zabalik.

Deialdiak Nafarroako Mendialdeko gizarte- eta ekonomia-garapenean lagunduko duten proiektuak finantzatuko ditu, zerbitzu publikoak eta enpresak sortuz eta daudenak finkatuz.

Aurkeztutako ekimenak ondorengo ardatz estrategikoen barnean txertatuko dira: herritarrak tokian-tokian mantendu eta finkatu; lehen sektorea eta basogintza; natura-baliabideen ustiapen jasangarria; zerbitzuak garatu eta ondareari balioa eman; eta enpresak finkatzen eta enplegua sortzen lagundu.

Bertze batzuetan bezala, ekoizpenekoak diren proiektuek %30erainoko finantziazioa izanen dute (horiek helburu nagusia ekonomia-jarduera da), eta ekoizpenekoak ez diren proiektuek %70erainokoa. Azken inbertsio horiek gizarte-eragin handia dute, nahiz eta mozkin ekonomikorik sortu ez. Nolanahi ere, laguntzaren muga 50.000 eurokoa izanen da.

Deialdiari buruzko informazioa, eta laguntza-eskaerarekin batera aurkeztu beharreko nahitaezko dokumentazio eta eredua Cederna Garalur Elkartearen web-orrialdean daude eskuragarri: www.cederna.eu helbidean.

Proiektu-deialdi hau 'Cederna Garalur Elkartearen Tokiko Garapen Parte-hartzailearen Estrategia (TGPE), 2014-2020' izeneko estrategian txertatzen da, eta Nafarroako Gobernuaren eta Europar Batasunaren baterako finantziazioa du, 'LGENF' landa-garapeneko funtsen bitartez. 2016az geroztik, programa horrek 4,8 milioitik gorako inbertsioa egin du toki-garapeneko 100 proiektu publiko eta pribatutan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun