Zigarroaren ketik ihesi

Gurutze Pikabea 2019ko urr. 6a, 10:00

Urtetan erretzaile izan ondotik, arrazoi bategatik edo bertzegatik tabakoa utzi duten eskualdeko zortzi lagunen testigantzak bildu ditu TTIPI-TTAPAk.

Metxeroa hartu eta klik. Zigarroa ezpainetan hartu eta hari zupa, plazera sentituz. Milioika dira munduan erretzaileak, egunak joan eta egunak etorri, behin eta berriz, keinu bera errepikatzen dutenak, batzuek gehiago eta bertzeek guttiago.  Batzuentzat, ordea, iragana bihurtu da eta hori da, arrazoi bategatik edo bertzegatik tabakoa uztea erabaki duten eskualdeko zortzi lagun hauen kasua: Xabier Maritorena Zubieta (Arraioz, 1985), Lurdes Maritxalar Tapia (Lesaka, 1959), Arantxa Barriola Telletxea (Leitza, 1975), Ibai Iribarren Larretxea (Urroz, 1995), Eneko Ravina Alvarez (Eratsun, 1990), Araceli Martin Martin (Lesaka, 1961), Esther Arrastio Larraburu (Narbarte, 1951) eta Pello Telletxea Sagaseta (Beintza-Labaien, 1957). Tabakoarekin izan duten harremanaz aritu dira.

Zortziek 14-16 urterekin eman zituzten lehenbiziko zupadak «lagunartean, tontoarena eginez». Horrekin bat datoz Maritxalar, Barriola, Iribarren eta Telletxea. «Adin horretan nortasuna ez dago garatua eta ez zaren zerbait erakusten saiatzen zara, horien artean, heldua zarela». Maritorenak horrekin lotu du erretzen hasi izana, «gizonkeria». 

Martinen ustez, berriz, «adin horretan zigarro batekin interesgarriagoa zarela iruditzen zaizu. Lagun batzuek erretzen zuten eta egun batean eskaini eta onartu nuen». Arrastio lagun zaharragoen bitartez lotu zen erretzaileen multzora: «60ko hamarkada zen, emakumeak ostatuetara ateratzen hasi ginen, eta bertzeak erretzen ikusita, gu ere hasi ginen».

Batzuek hamar, bertzeek 40
«Bestetan ateratzen ginenean» errez hasi ziren Ravina, Barriola eta Iribarren eta «lagunartean, noizean behin zigarrotxo bat errez» Maritxalar eta Arrastio; «lehenbizian gutti eta gordeka, ez etxekoek ezta kanpokoek ere ikusteko». Denborarekin, ordea, eguneroko zerbait bihurtu zen.

Maritorenak kontatu digunez, «ez naiz, astakeria erre izan dutenetako bat izan. Ez naiz egunean inoiz hamar zigarro inguru baino gehiago erretzera ailegatu, besta giroan ez bada behinik behin». Berdintsu ibiltzen zen Maritxalar. Haurdunaldian utzi zuen, baina «utzi arren, berriz bukatzen nuen nire 10-12 zigarroak erretzen. Bizpahiru zigarro erreko banitu ez nuela utzi beharrik izanen erraten nion nire buruari, baina ez zen manerarik. Birekin hasi eta hamar erretzen ahal nituen». 

Barriola, Ravina, Martin eta Arrastio egunean pakete bat erretakoak dira. «Nik biltzeko zigarroak erretzen nituen eta 18-20 erretzera ailegatu naiz», azaldu du Ravinak. Martinek «egun berezietan, seguru gehiago izan direla» adierazi du eta  hori berretsi du Barriolak: «parrandan, bi pakete erretzeko kapaz nintzen, behatzak horituak izateraino». 

Arrastiok, bere aldetik, ez dela «beti kopuru jakin bat erre izan duen horietakoa izan»  aipatu digu, «momentuaren arabera, gehiago edo guttiago egiten nuen. Haurdun gelditutakoan edo bularra ematerakoan ez nuen erretzen, osasun arazoren bat baldin banuen ere ez, baina ongi nengoenean, berriz erretzen hasten nintzen. Beti hola, utzi eta hasi».   

Aitzinekoen markak hautsitakoak dira Iribarren eta Telletxea. Lehena egunean «pakete eta erdi» erretakoa da eta Telletxea «bi, 40 zigarro baino gehiago». «Bi ordu ere ez nituen aguantatzen erre gabe eta noiz- bait tabakorik gabe gelditzen banintzen, kotxea hartu eta Doneztebera bila joateko kapaz nintzen», dio labaiendarrak. 


Ondorioak
Badakite erretzeak ez diela mesederik egin: «ttikitan asmatikoa nintzen eta hainbertze errez, berriz inhalagailuarekin hasi behar izan nuen», aitortu digu Iribarrenek. Maritxalarrek «kristoren katarroak» harrapatzen zituela dio, eta Barriolak eta Arrastiok «sabela gaizki» sumatzen zutela. Tabakoarekiko harremana «esklabotzarekin» lotu du narbartearrak: «tabakorik ez banuen kotxea hartu eta erostera joaten nintzen, beti behar nuen».
 
Telletxeak, berriz, goizeko eztulaz gain, mendian sumatu zuen ezintasuna: «mendian ibiltzea asko gustatzen zait eta 40 urterekin itotzen nintzela konturatu nintzen». Hori da, hain zuzen, Maritorenaren irudiko, «ondoriorik makurrena», hau da, «hatsa lehenagoko arintasunarekin ez hartzea». Bere hitzetan, «tabakoak ez du berehalako ondoriorik uzten. Hortzak horitzen dira eta erretzen duzun aldiro urrunetik nabaritzen da tabakoaren urrin desatsegina». Baina hori baino gehiago «mantso-mantso barnetik izorratzen zaituen eritasun bat bezala dela» uste du.
 
Martinek argi du tabakoak utzi dizkion ondorio guztiak «txarrak» izan direla. «Kirola gustatzen zait, mendian ibiltzea, aerobic egitea, eskiatzea... eta aunitz nabaritzen da birikak ez daudela ongi, batez ere malda goiti». Hortik aparte, «ez zait gustatzen ematen dugun irudia» eta kontent dago, «gizartea aldatu» delako eta «zorionez, orain erretzaileak ez garelako hain interesgarriak».

 

«Erretzeak ez du zentzurik»

Halako batean, uztea erabaki zuten: «erretzeak ez duelako zentzurik», dio arraioztarrak: «Ez zaitu trankiltzen, dependentzia sorrarazten dizu, ilobek zer ari zaren galdegin eta lotsa sumatzen duzu, osasuna izorratzen ari zara, estatuari sosa ematen... Ez erretzeko arrazoiak aise gehiago dira». Hala alboratu zuen tabakoa duela aste batzuk. Uztea «erraza» izan omen da, «denboran irautea da afera». Baina «eginahalak» egiteko prest dago.

Beldurrari aitzin eginez

«Zer egin behar dut bihar erre gabe?» galdetzen omen zion Maritxalarrek bere buruari, eta «beldurra eta bertigoa sentitzen nituen». Baina ausartu zen eta ez damutu: «ez zitzaidan izaera aldatu, janariari gustu gehiago hartzen hasi nintzen eta gehiago jaten ere bai; 3-4 kilo gehiago hartu nituen, baina gehiago ibiltzen hasi nintzen eta sasoi aldetik nire burua indartsuago sumatzen dut». Bere ustez, «lehenbiziko egunetako esfortzuarekin eta gerora konstantziarekin utz daiteke». Laster hiru urte beteko ditu utzi zuenetik, eta «gustura» dago horrela.

Bigarrenean bai

Tabakoa «garaiz» utzi zuela uste du Barriolak. Lehenagotik saiatua zen: «aurreneko aldiz, lagun batekin apustua eginda utzi nuen, baina urtebetera, lanean egun txar bat izan nuenean, berriz hasi nintzen». Bigarrenean lortu zuen,  «27-28 urterekin, haurdun gelditzeko asmoa nuenean». Ordutik «ez dut sekula erre, ezta tentaziorik sentitu ere». Justu kontrakoa: «orain tabako usainak molestatu egiten dit». Esfortzu handirik gabe utzi omen zuen, «nahiko burugogorra naiz, eta gauza bat eginen dudala esaten badut egiten dudan horietakoa naiz». Hala izan zen eta orain «harro» sentitzen da, eta «osasunez askoz hobe». Aipatu digunez, «harrituta» dago «gaur egun dagoen informazioarekin zenbat gazte hasten diren erretzen ikusita».

Bestondoari esker

Iribarrenek ongi gogoan du azkenekoz erre zuen eguna: «2018ko urriaren 1a zen, herriko bestak akitu berriak, eta bestondoarekin ezinean, ezin nuen erre ere egin. Hala, lau egun erre gabe egin nituen». Hortxe hasi zen dena: «lau egun egin banituen gehiago ere egiten ahal nituela pentsatu nuen». Baita egin ere. «Orain, egunerokoan ez dut erretzen, egun bereziren batean pururen bat erre izan dut, baina gehiago ez». Gisa horretara, ongi dabilela dio: «ez dut inhalagailua- ren beharrik. Osasunez aldea sumatu dut, sasoikoago nago, eta mendira joatean, ez naiz kotxetik atera orduko itotzen».

Lortzeko bidean

Eratsundarrak «osasun kontuengatik eta musika talde bateko kantaria izanda, ahotsa zaintzeko» erabaki zuen duela hilabete eta erdi tabakoa egunerokotik kentzea. Geroztik, aldea nabaritu du: «lasterka pixka bat ibiltzen hasi naiz eta hauspoa hobetzen ari zaidala sumatzen dut, gorputza puskaz ere sanoago dut eta usaimena ere hobetu zait». «Tarteka» erre duela onartu digu, «azkena kontzertu baten ondotik», eta hortaz, ez du oraindik erretzaile ohi ikusten bere burua. Baina «lortu dudanarekin satisfazio handia» sentitu duenez, nahiz eta «tentazioa handia» izan, garbi du zer den nahi duena: «tabakoa utzi». Hori lortzeko «borrokan» segitzeko asmoa du.

Utzita «dena ona»

«Osasunagatik eta norbere buruarekiko maitasunagatik» erabaki du Martinek tabakoa uztea. «Hagitz umiliagarria da objektu baten menpe egotea, aipatu gabe gastatzen dugun dirua, hagitz garestia baita».

Oraindik ez omen du erabat utzia: «ez da erraza, baina horretan ari naiz». Bere irudiko, «menpekotasun fisikoa errazago gainditzen ahal da, bi astetan okerrena pasatzen da, baina psikologikoa, nire kasuan hagitz zaila da. Pentsa, 41 bat urtez egunero erre dut, ohitura bihurtu da eta hori aldatzea zaila egiten zait. Batzuetan ohartu gabe zigarroa hartu izan dut, automatikoki, eta nire buruari 'ei, kontuz, utzi duzu!', erran behar izan diot».

Uzteko bidean, fisikoki «primeran» dago: «aldapak ez dira hain gogorrak, korrika edo kirola egitean erresistentzia handiagoa da, eta bertzetik, akats bat zuzendu dudala sentitzen dut». Hortaz, «dena ona». 

Tabakoaren beldur

Duela hamar urte baztertu zuen tabakoa Arrastiok, «beldurra ematen zidalako erretzen segitzeak». 57 urte zituen, «senarra eritu, eta gero eta gehiago erretzen hasi nintzen». Aldi berean, «alabak haurdun zegoela eta erretzeari utzi behar ziola erran zidan, eta berekin batera uztea erabaki nuen». Aparteko laguntzarik gabe, tabakoaren legea bidelagun, «nahiko aisa» utzi omen zuen: «lege berriarekin lehen erretzen nuen tokietan erretzea debekatu zuten». Informazioa jasotzeak ere lagundu zion, «aditzen denarekin, hainbertze urtez erretzaile izanda, zerbait pasatuko zitzaidala pentsatzen hasia nintzen». Orain, ordea, «ez dut tabakoaren beharrik» eta «hagitz kontent» dago. «Katarro guttiago hartzen ditut eta ahoan ez dut gustu txarrik».

Erabaki zaila

Urte batez «tabakoa uzteko erabakia ezin hartu» ibili zen Telletxea, «inori deus ere aipatu gabe, beldur bainintzen ez nuela uzteko indar nahikorik izanen». Azkenean, 40 urterekin, «bi arrebek utzi behar zutela eta, haien arrimuan saiatzea erabaki nuen». Erabakia hartzea «oso gogorra» egin zitzaion arren, «uste baino errazago» utzi zuen. Are gehiago, erakustaldi ederra egin zion bere buruari: «bi hilabetez tabakoa atorran ibili nuen, zigarrorik erre gabe».

Erretzaile sutsua izatetik,  «tabakoa ez aguantatzera» pasatu da orain. Baina kontent dago: «kilo batzuk irabazi nituen, baina konpentsatzen du; mendian askoz errazago ibiltzen naiz eta lehengo katarroen erdirik ere ez dut harrapatzen».

Tabakoa utz daitekenaren adibide argiak dira. Erretzaile handienak ere egin dezake, laguntzarekin edo gabe, «guttienez, saiatu, posible baita».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun