Hiru astez 400na euro zozketatuko ditu Denok Bat Federazioak

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 2a, 14:00

Irudian, iazko irabazleetako bat. Aurten 400 eurokoa izanen da sari bakoitza.

Udazkeneko promozio kanpaina urriaren 1etik 21era bitarte egiten ari dira eta astero 400 euro zozketatuko dituzte hainbat erosketa- bonoren bitartez

Baztan, Bera, Doneztebe eta Lesakako komertzianteak biltzen dituen Denok Bat Federazioak udazkeneko promozio berri bat egiten hasi da urriaren 1tik 21era. Denok Bat Giltzaria txartelarekin erosketak ordaintzen dituztenen artean hiru astez 400na euro zozketatuko dituzte. DenokBat Giltzaria eskaintzen duten edozein saltokitan erabiltzen ahal dira opari txartel hauek, urriaren 26ra arte.

Asteroko zozketan 50 euroko sei opari-txartel eta ehun euroko bat zozketatuko dituzte eta zozketa astelehen goizeko lehen orduan eginen dute, urriaren 7an, 14an eta 21ean. Aitzineko astean Giltzariarekin eragiketa bat egin duten bezero guztiek parte hartuko dute.

Opari txartelen irabazleei telefonoz deituko diete. Irabazleak, telefonoz errandako saltokira joan beharko du eta bertan opari txartela kanjeatzeko kode bat emanen diote. Argazki bat ere aterako zaio irabazi duen opari txartelarekin. Opari txartela ezin da inolaz ere diruz trukatu.

Egunero, DenokBat federazioa osatzen duten elkarteen facebook orrialdeetan eta DenokBateko web-orrian, irabazleen izenak eta argazkiak argitaratuko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun