Eskualdeko bederatzi bertsolari ariko dira Bertsokabi Sariketan

Ttipi-Ttapa 2019ko ira. 29a, 11:00
Bertsokabi sarian ariko diren hemezortzi bertsolari gazteak.

Urriaren 3tik 24ra jokatuko da sariketa eta guztira 18 bertsolari gaztek parte hartuko dute

 

Duela bi urte abiatutako bideari jarraiki, Nafarroako Bertsozale Elkarteak Bertsokabi-Eugenio Arraiza Sariketa antolatu du aurten ere, Iruñeko Udalaren eta Euskokultur Fundazioaren laguntzarekin. 2017an sariketak izandako arrakasta ikusita antolatu dute bigarrenez, eta ortzegun honetan, urriak 3, hasi eta 24an bukatuko da. Guztira, lau saio izanen dira, hiru kanporaketa eta finala, Iruñeko gune informaletan jokatuko direnak, eta 15 eta 30 urte bitarteko 18 bertsolari ariko dira kantari, bikoteka. 18 bertsolari horietatik erdiak eskualdekoak izanen dira: Ekhiñe Zapiain beratarra, Josu Sanjurjo lesakarra, Xabat Illarregi leitzarra, Iker Gorosterrazu iturendarra, Alazne Untxalo iturendarra, Amaia Elizagoien Oronoz-Mugairikoa, Joanes Illarregi leitzarra, Etxahun Azkarraga etxalartarra eta Patxi Castillo beratarra.

Terminal ostatuan, Zabaldin eta Mendillorriko Antzara gunean jokatuko dituzte hiru kanporaketak, urriaren 3an, 10ean eta 17an, hurrenez hurren. Kanporaketa bakoitzean hiru bikotek parte hartuko dute eta saioa irabazten duen bikotea zuzenean sailkatuko da urriaren 24an Herriko Tabernan izanen den finalera. 

1. kanporaketa urriaren 3an

Ekhiñe Zapiainek eta Josu Sanjurjok bikotea osatuko dute eta eurekin batera, Ainara Ieregi eta Saioa Alkaizak osatutako bikotea eta Aitor Irastorza eta Xabat Illarregik osatua ariko dira urriaren 3an Iruñeko Terminal ostatuan jokatuko den kanporaketan. 19:00etan hasiko da saioa.

2. kanporaketa urriaren 10ean

Hiru bikote hauek ariko dira urriaren 10ean Zabaldin 19:00etan hasiko den hitzorduan: Ekain Alegre-Iker Gorosterrazu, Irati Majuelo-Alazne Untxalo eta Beñat Astiz-Amaia Elizagoien.

3. kanporaketa urriaren 17an

Mendillorriko Antzara gunean jokatuko dute sariketako hirugarren eta azken kanporaketa. 19:00etan hasita hiru bikote hauek nor baino nor ariko dira: Mikel Lasarte-Sarai Robles, Endika Legarra-Joanes Illarregi eta Etxahun Azkarraga-Patxi Castillo.

 

Bertsolari gazteen akuilu

Sariketak bertsolari gazteei trebatzeko eta jende aitzinean kantatzeko aukera ematea du xede, baita Iruñerriko publikoa eta bereziki gazteak, bertsozaletzea ere. Aldi berean, Eugenio Arraiza (Iruñea, 1936-2015) zenaren figurari gorazarre egin nahi dio Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Ikertzaile eta eragile nekaezina, kulturgintzaren eta euskalgintzaren alor ugaritan aritu zen Arraiza.

Ez da, ordea, Bertsozale Elkarteak Nafarroan gazteentzat antolatzen duen sariketa bakarra. Txandaka, bi sariketa nagusi izaten dira: Izeta Sariketa Elizondon, Mariano Izetaren omenez, eta Bertsokabi-Eugenio Arraiza Sariketa, orain bi urte hasitakoa, ordura arte Goizuetan egiten zen Xalto Sariketaren ordez.

Bertsozale Elkartearen arabera, sariketa hauek «akuilu dira herrialdeko bertsolari gazteentzat, haien bertsogintzan sakontzeko eta publiko aitzinean trebatzeko». Horrekin batera, «gerora Nafarroan plazarik plaza ibilitako bertsolari aunitzek lehenbiziko urratsak gazteentzako sariketetan eman dituztela» adierazi du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun