Eskualdeko bost aizkolari ariko dira igandean Nafarroako lehen mailako kanporaketan

Ttipi-Ttapa 2019ko ira. 19a, 07:00
Jon Rekondo eta Ruben Saralegi leitzarra eta Zigako Joxean Etxeberria izan ziren iazko finalean aritu ziren eskualdeko ordezkariak.

Irailaren 22an, 17:30etik aurrera jokatuko dute Nafarroako lehen mailako aizkora txapelketako kanporaketa Uharteko Toki Alai-pilotalekuan. Bederatzi aizkolarik hartuko dute parte eta horietatik bost eskualdekoak izanen dira: Leitzako Jon Rekondo, Ruben Saralegi eta Eneko Saralegi, Zigako Joxean Etxeberria eta Aresoko Asier Pellejero. Lehenbiziko bost sailkatuek lortuko dute azaroaren 15ean Donezteben jokatuko den finalerako txartela.

Eskualdeko aizkolariekin lehian, Otsagiko Iker Vicente, Arostegiko Oier Kañamares, Lezaungo Juan Jose Lopez eta Dorraoko Iban Resako ariko dira. Julen Kañamaresek mediku-agiria aurkeztu du aste honetan eta ezin izanen du parte hartu azkenean. Doneztebeko finalerako bost txartel izanen dituzte jokoan eta azkeneko bi sailkatuek, printzipioz, maila galduko dute. Azken aurreko sailkatuak Julen Kañamaresen aurkako jaitsiera kanporaketa eskatzeko aukera izanen du. Txapelketa osatzeko herri kirol erakustaldia antolatzeko asmoa du Nafarroako Herri Kirol Federazioak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun