Eskualdeko hainbat herritar sartu dira Cederna Garalur Elkartearen zuzendaritzan

Ttipi-Ttapa 2019ko ira. 14a, 13:00

34 ordezkarik osatu dute zuzendaritza batzordea eta horietatik sei eskualdeakoak dira, lau udal ordezkariak eta bi sektore pribatutako kideak. Ondoko lau urteetan elkartea gidatzeko ardura izanen dute.

Cederna Garalur Elkarteak asteazkenean, irailak 11, egin zuen batzar nagusia Irunberrin, eta hantxe aukeratu zituzten ondoko lau urteotan elkartearen zuzendaritza batzordea osatuko duten kideak.

34 lagunek osatzen dute, eta erdiak erakunde publikoetako ordezkariak dira, tartean eskualdeko lau: Baztango ordezkari gisa Xabi Torres Letona zinegotzia izendatu dute eta ordezkoa Joseba Otondo Bikondoa alkatea izanen da; Bortzirietako ordezkaria Patxiku Irisarri Elizagoien Etxalarko zinegotzia izanen da eta ordezkoa Xabier Bizente Etxalarko zinegotzia; Malerrekako ordezkari Xanti Uterga Labiano Doneztebeko alkatea izendatu dute eta ordezkoa Leire Ortuoste Gartzia Doneztebeko zinegotzia izanen da; Leitzarango ordezkari, berriz, Mikel Zabaleta Leitzako alkatea izanen da eta ordezkoa Saioa Sagastibeltza Ganboa Leitzako zinegotzia.

Zuzendaritza batzordeko bertze erdia erakunde pribatuetako herritarrek osatzen dute. Hala nola, turismoaren, komertzioaren, zerbitzuen eta ondareen alorrean, Apopilo Baztango Alojamendu Turistikoen Elkarteko Maria Jesus Goñi Otxandorena izanen da ordezkaria eta bere ordezkoa Maider Azkarate Tomassone. Alor berean, Denok Bat Federazioko ordezkari gisa, Deñe Abuin Arrasate ariko da eta ordezkoa Felipe Saragueta Irazoki izendatu dute.

Irailaren 25ean eginen dute zuzendaritza batzordearen lehenbiziko bilera eta orduan aukeratuko dituzte karguak: lehendakaritza, lehendakariordetza, idazkaritza eta diruzaintza.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun