Nafarroako Gobernuak eta tokiko ekintza-taldeek hitzarmena sinatu dute landa-eremuan jardunbide egokiak ezartzeko

Ttipi-Ttapa 2019ko ira. 13a, 19:00

Ekonomia zirkularra bultzatzeko agenda onartu du Nafarroako Gobernuak.

Europar Batasunaren gomendioak betez, ekonomia zirkularra garatzeko agenda onartu du Gobernuak

 

2019. urtearen erdialdera, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko Departamentuak lankidetza-hitzarmena sinatu zuen Cederna Garalur Elkartearekin eta beste hainbat tokiko ekintza-talderekin, landa-eremuan LEADER ikuspegiko ekonomia zirkularreko ekintzak lantzeko. Hitzarmen horren xedea da klima-aldaketak berarekin dakartzan ingurumen- eta ekonomia-erronkei aurre egiteko landa-erkidegoek martxan jarri dituzten ekimen ugari ezagutzera ematea eta balioa ematea, erronka horiek bereziki eragiten baitiote landa-eremuari.

Hitzarmen horrek hiru ekintza nagusi biltzen ditu bere baitan: ekonomia zirkularrari buruzko berariazko prestakuntza, tokiko ekintza-taldeetako ekipoei bideratuta; tokiko ekintza-talde bakoitzaren esparruan ekonomia zirkularreko proiektu berritzaileak identifikatzea eta horien bideragarritasuna aztertzea; eta Nafarroako landa-eremuetan ekonomia zirkularreko proiektuen jardunbide egokiei buruzko gida bat biltzea, aukeratzea eta zabaltzea. Horrez gain, hainbat sentsibilizazio-ekintza landuko dira, eta halaber, “Enplegatu berde” jardunaldiaren edizio berri bat antolatuko da gida hori aurkezteko, parte-hartzera bultzatuz.

Ekimen horren barnean, Cederna Garalur Elkartea bideragarritasun tekniko eta ekonomikoko zortzi azterketa lantzen ari da, eta horrez gain, Nafarroako Mendialdean ekonomia zirkularren inguruan landu diren jarduera egokiei buruzko 20 fitxa jaso ditu. Halaber, energia-autokontsumoari buruzko hiru hitzaldi antolatu ditu.

Lankidetza-hitzarmen hau Nafarroako Gobernuak Foru Erkidegoan klima-aldaketak izanen dituen ondorioei aurre egiteko interesaren ondorioa da. Arlo zientifikotik eta sozialetik, anitzek ohartarazi dute klima-aldaketaren ondorioz, eta herritarron eguneroko bizitzan eraginen dituzten aldaketez.

Aldaketa horiei erreparatuta, 2015ean Europar Batasunak ekintza-plan bat landu zuen Europaren ekonomia zirkularrarekiko trantsizioa bizkortzeko, karbono isurpenik gabekoa, arduratsua baliabideak erabiltzeari dagokionez, ekonomia- eta gizarte-hazkundea aldi berean sustatuko dituena. Asmo handiko programa horrek 54 neurri jasotzen ditu, lehentasunezko 5 arlotan: Plastikoak, elikagaiak alferrik botatzea, lehengai kritikoak, eraikuntza eta eraispena, eta biomasa eta oinarri ekologikoa duten produktuak.

Bertzalde, EBren gomendioak betez, Nafarroako Gobernuak “Nafarroan ekonomia zirkularra garatzeko agenda, 2030” onartu du 2019 honetan, oinarrizko hiru ardatz hartuta: kultura zirkularra eta ekonomia zirkularra zeharka bultzatzea; baliabideak, diseinuak eta ekoizpena; eta hondakinen garraioa, erabilera/kontsumoa eta kudeaketa.

Ekonomia zirkularra ez da inondik ere zama ekonomiko bat; areago, aurreztea eta efizientzia dakartza berarekin, eta ohiko ekoizpen sektoreetan (nekazaritza eta abeltzaintza, turismoa edo merkataritza, are energia-sektorea eta teknologia berriak ere) berrikuntzarekin lotura duten negozio-aukera berriak sortzen ditu.

Cederna Garalur Elkarteko Ibon Mimentzaren hitzetan, «Landa-inguruneak asko erakuts dezake ekonomia zirkularraz, berau batez ere ekonomia soziala izaki. Izan ere, gure herrietako bizimodua loturik egon da betidanik gure inguruarekiko errespetuzko harreman bati; ingurune hori modu jasangarrian sustatuz eta hurrengo belaunaldiak aintzat hartuz. Cederna Garalur Elkartean argi dugu Nafarroako Mendialdea garatuko bada, gure lurraldeen kudeaketari ekonomia zirkularraren printzipioak ezarriz garatuko dela».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun