Nafar Erresumako Kronoeskaladak azken txanpan sartuak dira

Ttipi-Ttapa 2019ko ira. 10a, 19:00

Irailaren 1ean Ibañetan egindakoaren ondotik, irailaren 28an Larrainen (Zuberoa) eta urriaren 19an Ibardinen eginen den finala bakarrik falta dira

 

Presoen eskubideen alde, Nafar Erresumako Kronoeskaladak azken txanpan sartuak dira. Lizarieta, Otsondo eta Izpegikoen ondotik, irailaren 1ean Ibañetan egin zen laugarrena eta horren ondotik, bi txirrindulari igoera bertzerik ez dira falta: irailaren 28an Larrainen, Zuberoan eginen dute. Antolatzaileen ustez, «Euskal Herriko porturik ederrenean eta zailenetariko batean. Adibide bat emateko, portu horrengatik Miguel Indurainek ez zuen lortu bere seigarren Tourra irabaztea». Azkena, berriz, urriaren 19an Ibardinen izanen da. «Elkartasun eta bizikletaren festa haundia izaitea espero dugu!», diote antolatzaileek.

Irailaren 1ean Ibañetan egin zen kronoigoerari dagokionez, Didier Zago Biarnoko txapelduna itzuli zen eta berak lortu zuen garaipena, 42 minutu eta 3 segunduko denbora ikaragarriarekin. Santxo Azkarra izendatu zuten. Emakumezkoetan, Bretainiako Adèle Kerbaol nagusitu zen (54.15) eta Nafarroako Katalina I.a izendatu zuten. Emakume honek orain arteko lau kronoeskaladatan parte hartu du eta laurak irabazi ditu. Argazkiak: Mirentxu Auzqui eta Amaia Jorajuria

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun