Lau eta erdiko Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketa, pilotarien premia berriei erantzunez

Ttipi-Ttapa 2019ko ira. 10a, 20:00
Ikusmina piztu du emakumeen master cup txapelketak lehen bi ediziotan eta bertze horrenbertze espero dute hirugarrenean.

Irailaren 10ean egin dute aurkezpena eta bi mailatan banatuta ariko dira pilotariak


Hiru urte baino ez dira Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketak nesken esku pilota erabat astindu zuenetik, baina ordutik hona izandako garapena ikaragarria izan da. Eraldaketa honek erronka eta behar berriak sortu ditu eta laster hasiko den Lau eta Erdiko txapelketaren hirugarren edizioa premia berri hauei erantzuteko asmoz sartutako berrikuntzekin hasiko da. Parte hartzaileek eurek egindako eskaerari jarraiki, txapelketa bi mailatan jokatuko da, pilota mixtoarekin jokatuko dena eta pilota goxuaz lehiatu nahi dutenena.

Bigarren multzo honetan hiru azpi-maila egongo dira; hastapena, promozioa eta lehen maila. Erabaki honekin pilotari bakoitzak bere dohainetara gehien moldatzen den maila aukeratu ahal izatea eskaini nahi da eta, batez ere, hasiberriei txapelketan aritzeko beldurrak kentzen laguntzea.

Hori bai, aldatuko ez dena Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketaren esentzia da. Lehiaketa honen helburu nagusia emakumezkoei esku pilotan aritzeko aukerak eskaintzea da, inor baztertu gabe kirol hau sustatzea eta horrexegatik, txapelketak erabat irekia izaten jarraituko du. Horixe izan da txapelketaren arrakastaren giltza, horrek erakarri ditu gero eta emakume gehiago elkarte eta pilotalekuetara eta horretan jarraitzea da asmoa.

Txapelketarako izen ematea gaur bertan hasiko da eta irailaren 30era arte luzatuko da. Egia da parte hartzea Lau eta Erdikoan binakakoan baino txikiagoa izaten dela, baina antolakuntzatik erantzun on bat espero dute.

Izen emate horren arabera antolatuko dira txapelketa osatzen duten kanporaketak baina, printzipioz, asmoa da aurre kanporaketak Araba eta Gipuzkoan jokatzea eta final-laurdenak, final-erdiak eta finalak Bizkaian jokatzea. Momentuz, erabakita dago final-erdiak Galdakaon jokatzea abenduaren 1ean eta finalak bi aste geroago (abenduak 15) jokatuko dira, Barakaldon. ETBrekin hiru urtetarako sinatutako  azken kontratuaren baitan, bi azken jaialdi hauek ETB-1k zuzenean eskainiko ditu.

Gaurko aurkezpenean José Ramón Taranco, Laboral Kutxako babesle arduraduna eta Ane Epalza eta Oscar Rabanal Coca Colako komunikazio gestoreak izan dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun