Elizondoko emanaldietarako sarrerak Fantxiken irailaren 4an, asteazkenean, paratu zituzten salgai eta bi egunez «260 inguru» saldu dituzte. Zenbait emanalditarako sarrerarik gabe daude: «igandean, irailaren 29an eta urriaren 5ean 18:00etarako genituen guztiak saldu ditugu». Momentuz gehiago ekarriko dituzten ez dakite: «emanaldi bakoitzeko 50 saldu ditugu eta guztira 250 lagunendako tokia dago» adierazi dute. Heldu den aste hasieran Internetez ere eskuratu ahal izanen dira (eguna zehazteke dute eta finkatua dutelarik, erran.eus atariaren bidez jakinaraziko da).
Leitzan bi egunez 500 sarrera
Leitzan ere, urrian izanen den arren, izugarrizko arrakasta izaten ari da. Maimurreko nagusiak azaldu digunez, ostegunean jartzekoak zituzten arren, azkenean, asteazkenean hasi ziren saltzen. Hasi baziren hasi, atzo gabe gelditu ziren: «bi egunez 500 sarrera saldu ziren, eskainiko dituzten 10 saioetarako 50na ekarri zituzten eta guztiak saldu ziren». Gaur beste 120 eraman dizkiote eta horiek ere «ziztu bizian» saltzen ari dira. Astelehenean «akaso» gehiago eramanen dizkiete.
Ttipi-Ttapak bina sarrera zozketatuko ditu
Ttipi-Ttapak Elizondon irailaren 27an eta Leitzan hilaren 11n 18:00etan eskainiko diren emanaldietarako bina sarreren zozketa eginen du. Adi, laster izanen duzue informazio gehiago!