«Bakegintzan lan egin izana da gure defentsarako euskarririk handiena»

Ttipi-Ttapa 2019ko ira. 5a, 09:00

Haizea Ziluaga Larreategi eta Fernando Arburua Iparragirre

Irailaren 16an hasiko da 11/13 sumarioan epaituko dituzten 47 lagunen kontrako auzia. Tartean daude Haizea Ziluaga aranztarra eta Fernando Arburua zugarramurdiarra.

Epaiketa zaila eta konplikatua izanen da, baina itxaropentsu eta animatuta gaude». Halaxe, argi, mintzatu dira Haizea Ziluaga Larreategi euskal preso politikoen abokatu aranztarra eta presoei osasun arreta eskaintzen dien Jaiki Hadi elkarteko Fernando Arburua Iparragirre zugarramurdiarra. Erakunde terroristan parte hartzea leporatuta, irailaren 16an Madrilgo Auzitegi Nazionalean hasiko den 11/13 auzian epaituko dituzte. Ziluagak zein Arburuak, ordea, garbi dute beraien lana publikoa eta ezaguna izan dela eta dela, eta ez dutela deus gordetzekorik. Are gehiago, harro daude euskal preso politikoen eskubideen alde egiten duten lanaz. 

Auziak 2013an Herriraren aurka hasi zen operazioa du oinarrian. Zuek 2015ean atxilotu zintuzteten. Nolako oroitzapenak dituzue? 
Fernando Arburua: Zaila ikusten genuen osasun arreta zigortu eta gure kontra jotzea, baina garai hartan Espainiako Gobernuak presoen inguruko auziekin hartua zuen dinamika ikusita, gerta zitekeela bagenekien. Hortaz, ez gintuen ezustean hartu.

Haizea Ziluaga: Konponbidearen bidean geunden urteak ziren. ETAk 2011ko azaroan eten zuen borroka armatua eta egoera berri hura iraultzeko asmoz etorri ziren atxiloketak. Nire kasuan, Madrilen nengoela atxilotu ninduten, epaiketa bat hasi behar genuen egunean. Abokatuok noiznahi Entzutegi Nazionalean lanean ari gara, baina epaileak deklaratzera deitu beharrean, guardia zibilak atxilotzera etorri ziren. Gainera, ikertuak ginela jakinda, hilabete batzuk lehenagotik, deituak izanez gero, epaitegira azaltzeko borondatea adierazia genuen. 

«Hasieratik presoak izan dituzte jomugan eta horretarako inguruaren aurka egin dute»
Fernando ARBURUA, Jaiki Hadi

F. A: Helburua ahalik eta mediatikoena eta ikusgarriena izatea zen. Erakundeak borroka armatua utzi zuen arte sarekadak izan ziren, baina sarekada politikoak izan ziren: Batasunaren aurka, HBren aurka, EKINen kontra... Presoen gaia ez zuten ukitua. Hain justu 2011n, borroka armatua utzitakoan, presoen mundura hurbiltzen hasi ziren, bazekitelako presoen artean egungo egoera politikoaren inguruko eztabaida zabaldua zela. Presoak zituzten jomugan eta horretarako inguruaren aurka egin zuten: abokatuak, gu [Jaiki Hadi], senideak, presoen ordezkaritza, Herrira...

Atxiloketa haiek zein ondorio izan zuten zuengan? 
F. A.: Jaiki Hadin, Oihana Barrios psikologoa eta biok atxilotu gintuzten. Nire kasuan ez zuen ondorio praktikorik izan; ez nuen presoekin zuzeneko harremanik izaten eta berdin-berdin lanean segitu ahal izan dut. Oihana, aldiz, presoen arreta psikologikoaz arduratzen zen eta atxiloketa haren ondotik, espetxeetarako sarrera ukatu zioten. Laguntza psikologikoa behar zuten presoei terapeutaren bisita bat-batean ukatzea aski gogorra izan zen. Ez da erraza psikologo berriak bilatzea, pazientearekin konfiantza hartzea... Hasmenta gogorra izan zen, baina poliki-poliki aitzinera atera ginen.

H. Z.: Abokatuoi ere presoei bisitak egitea galarazi ziguten. Gu baztertu eta presoak arreta juridikorik gabe uztea zen haien helburua, baina praktikaren bitartez, debeku horri buelta eman eta arreta bermatzen segitu dugu. Horrez gain, bulegoak miatu zizkiguten eta neurri batean, konfidentzialtasun-printzipioa urratu zuten. 



Fiskalak hamaikana urteko espetxe zigorra eskatu du zuentzat. Zer iruditzen zaizkizue zigorrak? 
F. A.: Astakeria bat.
 
H. Z.: Kondena handiak dira. Zigor Kodearen arabera, ETAko kidea izateagatik 6tik 12ra urte arteko zigorrak izan daitezke eta guretzat 11 urtekoa eskatu dute. Badira handiagoa dutenak. Arantza Zulueta eta Jon Enparantza abokatuentzat, adibidez, ETAko zuzendaritzako kide izatea egotzita 14 urteko eskaera egin dute.

F. A.: Eta Herrirakoei kondenak gehitu egin dizkiete, ETAko kide izatea eta terrorismoa goratzea leporatu diete. Francisco Baldarentzat, erraterako, 21 urteko eskaera egin dute.

«Espainiako estatuak gerran jarraitzen du»
Haizea ZILUAGA, abokatua

2011n iragarri zuen ETAk jarduera armatua behin betiko utziko zuela. Aldiz, 2012tik aitzinera egin duzuenean oinarrituta egotzi dizuete terrorismo delitua... 
H. Z.: Defentsari begira hori da gure euskarririk handiena, alegia, bakegintzan lan egin izana. Urte horietan ETAk borroka armatua utzia zuen eta gu bakebidean geunden; espainiar estatua, ordea, argi dago ezetz. Gerran jarraitzen zuten eta oraindik hala jarraitzen dute. 
F. A.: Ordurako ETAk ekinbide armatua utzia zuenez, leporatu digutenak ez du zentzurik. Frogarik ere ez dute, guardia zibilen hitzak baino ez dira. Gure auzipetze-autoan ageri denez, ETAren eta gure arteko lotura erakusten duen dokumenturik ere ez dute.

«Leporatzen digutenak ez du zentzurik. Frogarik ere ez dute, guardia zibilen hitzak baino ez dira»
Fernando ARBURUA, Jaiki Hadi

Epaiketa guttienez hiru hilabetez luzatuko da. Nolako hilabeteak espero dituzue? 
H. Z.: Hiru hilabetez, igandetan Mirentxineko furgonetak hartu eta ortzegun gaua arte ez gara etxera itzuliko. Horrek bertzeak bertze, gure seme-alabengan edota lanean eragina izanen du. Nolabait errateko, aulkiko zigorra ezarri digute, hau da, oraindik ez gaude kondenatuak baina epaiketa egiten bada, Madrilera joateagatik zigor hori sufritu beharko dugu.
F. A.: Lanaz ari garela, gure kasuan, badugu antolatzeko aukera. Baina auzipetuen artean badira hezkuntzan edota lantegietan ari direnak. Baimenak eta opor egunak eskatu beharko dituzte eta hori  dena moldatzea ez da erraza. Segurtasun-eza sortzen du. 

Espetxealdia burutik pasa zaizue? 
F. A.: Aukera bada. Espainiako Auzitegiarekin ezin da jakin. 

H. Z.: Presoekin lan egiten dugunez, egunerokoan espetxeak presente ditugu, baina irtenbideren bat bilatuko dugun itxaropena dut. Herri eta erakundeetatik elkartasun handia lortzen ari gara eta horrek ere indarra egiten du.

Elkartasuna garrantzitsua izanen da, ezta? 
H. Z.: Bai, baina oraindik 252 euskal preso politiko ditugu mila kilometrotara eta orain jasotzen ari garen indar guztia horra bideratzea nahiko genuke. Preso politikorik gabeko euskal herri bat nahi dugu, eta kartzelarik gabea bada, hobe.

«Espetxera joaten bagara, 18 urtez beheitiko 38 ume motxiladun gehiago izanen dira»
Haizea ZILUAGA, abokatua

Ume motxiladunen gaia ere mahai gainera atera duzue. Haizea 7 eta 3 urteko haurren ama zara... 
H. Z.: Abokatua naizenez, presoak bisitatzeko bidaiak egin behar izaten ditut eta hori ez da arrotza eurentzat. Kasu honetan, zaharrenak badaki irailean presoen alde lan egiteagatik epaiketa batera joan beharko dudala Madrilera. Baina espetxera joaten bagara, 18 urtez beheitiko 38 ume motxiladun gehiago izanen dira eta milaka kilometro egin beharko dituzte gurasoak ikusteko. 

Asteburu honetan epaiketa salatu eta elkartasuna adierazteko ekimenak eginen dira han eta hemen eta irailaren 14rako manifestazioa deitu duzue Bilbon...
H. Z.: Bai, eta herritarrei parte hartzeko deia egin nahi diegu, denen indarra beharrezkoa delako.
F. A.: Auzoz auzo, herriz herri eta hiriz hiri lan eginez, jendea atxikitzea lortu nahi genuke. 

 

47 euskal herritar epaituko dituzte 11/13 sumarioan

Herrira mugimendukoak, EPPKren Bitartekaritza Taldekoak, abokatuak, Etxerateko kideak eta Jaiki Hadikoak dira 11/13 auzian epaituko dituzten 47 lagunak. Fiskalak zortzi eta 21 urte arteko espetxealdiak eskatu ditu eurentzat, 601 urteko eskaera guztira, eta horrez gain, 117.600 euro isunetan. Epaiketa orain egitekoa bada ere, Eloy Velasco epailearen aginduz 2013an hasitako polizia operazioa du oinarri. 2013ko irailean Herriraren aurkako operazioan 18 lagun atxilotu zituzten; 2014ko urtarrilean EPPKko zortzi bitartekari; 2015eko urtarrilean 12 abokatu –tartean Ziluaga– eta Herrirako hiru kide eta urte bereko martxoan Etxerat eta Jaiki Hadi elkarteetako bina lagun –tartean Arburua–. Geroztik, epaiketaren esperoan izan dira. Orain badituzte datak: irailaren 16an, 17an, 18an eta 30ean, urriaren 1ean, 2an, 28an, 29an, 30ean eta 31n eta azaroaren 11n, 12an, 13an, 14an, 25ean, 26an, 27an eta 28an eginen dira auzi-saioak. Espetxe zigor eskaera handiei egin beharko diete aitzin, baita zama ekonomiko handiari ere: abokatu eta prokuradoreen gastuak, auzipetu, abokatu eta lekukoen garraioa eta auzipetu eta lekukoen egonaldia kontuan hartuz, 336.462 euroko gastua izanen dute; auzipetu bakoitzeko 7.180 euro. Hortaz, laguntza eskatu dute. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun